AHT

'Euskal Y'-aren Bilboko sarrera, zazpi kilometroko tunel batetik

2006an adostutako lan eskemara itzuli dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Gaur egindako bileraren ondoren adierazi dutenez, Basaurin hasitako tunel batetik sartuko da tren lasterra Bizkaiko hiriburuan.

inaki petxarroman
2014ko irailaren 25a
14:07
Entzun

Gora-behera ugari izaten ari da Euskal Y-aren proiektua. Azken urteotan Espainiako Gobernuak baztertuta zeukan hiriburuetako sarreretan lan berriak hastea, eta, eginda dauden Renfeko trenbideetan hirugarren erreiak jartzea hobetsita zeukan. Alabaina, atzo Madrilen egindako bileraren ondoren, Sustapen Ministerioak ohar bat kaleratu zuen, Efe agentziaren arabera. Ohar horretan Madrilek iragarri du 2006an adostutako eskemara itzuli direla erakundeak. Alegia, tren lasterra zazpi kilometroko tunel batetik Bilbora sartzeko aukerarekin lan egiten hasiko dira berriro. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak hobetsi du eskema hori, eta Sustapen Ministerioa aztertzeko prest azaldu da.

Atzoko bileran Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko eta Basauriko udaleko eta Sustapen Ministerioko ordezkariak izan ziren. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak ohar bat kaleratu zuen esanez alde guztiak bat zetozela honetan: "Alternatibak garatzen sakondu behar da AHTa Bilbora iristeko, 2006an hasitako ibilbideen azterketei berriro helduta".

Sustapen Ministerioak ohartarazi du azterketa horiek berriro ere jendaurrean jarri beharko direla eta ingurumen azterketa pasa beharko dutela. Bi aldeek borondatea agertu dute AHTa ahalik eta herritar gehienen esku uzteko. Izan ere, Euskal Y-ak Europa hego-mendebaldeko trenbide sarean daukan garrantzia azpimarratu dute.

Espainiako Gobernuak 2010ean iragarri zuen zazpi kilometro tunel batetik iritsiko zela tren lasterra Bilbora. Lurrazpiko irtenbide horren bidez,  85.000 metro kuadroko orube handi bat aske geratuko zen Abanton, gaur egun geltokia dagoen tokian. Hain zuzen ere,  12 San Mames futbol zelairen pareko gune bat irabaziko zuen Bilbok hiri erdian horrela. Ondoren, krisiaren eraginez,  bertan behera utzi zuen Sustapen Minsterioak plan hori, oso garestia baita. Hain zuzen ere, 500 milioi euro inguruko operazioa dakar egitasmo horrek.

Aurreko astean Madrilen Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako bileraren ondoren bizkortzen ari dira Euskal Y-a aurrera eramateko keinuak Madrilgo gobernuaren aldetik. Hain zuzen ere, bileraren ondoren Espainiako Gobernuak iragarri zuen Bergarako lotuneko obra batzuk egiteko kontratu bat baimendu zuela, 131 milioi eurotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.