Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio eman diezaiola lehentasuna Euskal Y-ari, eta ohartarazi du Jaurlaritzak ez duela onartuko obren lizitazioa "etenaldiak eginez" gauzatzea. Hori horrela, Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroari "hitzezko" konpromisoa hartzeko deia egin dio Oregik, Efe berri agentziari emandako elkarrizketan.
Oregik dioenez, lanen lizitazio guztiak Espainiako Aldizkari Ofizialean ikusi arte ezingo du zehaztu Euskal Y-aren obrak noiz bukatuko diren -azken aurreikuspenen arabera, 2018an amaituko dira-.
Ingurumen sailburuak gogorarazi du Gipuzkoako zati guztien lizitazioa egina dagoela —Jaurlaritza arduratzen da eraikitzeaz, Espainiaren finantzaketarekin—, eta Araba eta Bizkaian ere esku hartzeko prest agertu da, Espainiako Gobernuak baliabide teknikoekin "arazoak" baldin baditu. Sustapen Ministerioak, ordea, jada baztertu egin du eskaintza, argudiatuta hori bere eskumena dela.