ETAk Inazio Uria enpreaburua hil ondoren AHTren eta ETAren inguruan sortu den zurrunbiloaren harira, Euskal Y-ren kontrako borrokan ez esku hartzeko exijitu dio AHTren Aurkako Asanbladak ETAri. "ETAri gatazka honetan ez esku hartzeko exijitzen diogu. Exijentzia hau ez zaio inondik ere Estatu espainiarraren politika 'antiterroristaren' gibelean jartzeari zor, AHTren inposaketa gelditzeko borroka moldeen zilegitasunari buruz hausnarketa zabaltzeko eta herri mugimenduaren autonomiari eusteko daukagun asmo erabakiari baizik", zehaztu dute.
Era berean, Asanbladak argi utzi nahi izan du bere iduriko indarkeriak handiena "estatuek eta kapitalismoak egunerokoan" erabiltzen dutena dela: "estatuek eta kapitalismoak egunerokotasunean lurrari eta pertsonei noziarazten diguten biolentzia bezalakorik ez dago. Heriotzak eragiten dituzte gerrateek, kutsadurak, lan-istripuek, hilkutxa gurpildunek, soldatapeko miseriak, langabeziak, indar polizialek, eta abar; eta biolentzia-adierazpen horiek denak era gutxi-gehiago nabarian jasaten ditugu. AHTren eraikuntzak langile errumaniar baten bizia eraman zuen joan den uztailaren 14ean Lukun", dio zabaldu dute agirian.
Ildo beretik, AHT bultzatzen duten alderdi politiko eta enpresei "ekintza kontsumatuen politika" ezartzea egotzi die; funtsean, proiektua inposatzea. Komunikabideek auzi honetan izandako jarrera ere kritikatu du Asanbladak, batik bat, Inazio Uriaren hilketa gertatu ondoren izandakoa; komunikabide gehienek AHTren kontrako mugimendua kriminalizatu nahi izan dutela salatu du.
Amaitzeko, AHTren kontra aritzeko borroka molde zuzenak "kontzientziazioa, mobilizazioa, desobedientzia eta ekintza zuzena" direla azpimarratu du Asanbladak.
AHT Gelditu! Elkarlaneko kideetako bat da AHTren Aurkako Asanblada, eta 15 urte daramatza azpiegitura proiektu horren kontrako borrokan.
AHT
'Euskal Y'-ren inguruko gatazkan ez esku hartzeko exijitu dio ETAri AHTren Aurkako Asanbladak
Eskaera horrek ez duela Espainiako Estatuaren "terrorismoaren aurkako" borroka babesten dutenik esan nahi zehaztu du, baizik eta borroka molde zilegiei buruzko gogoeta zabaldu nahi duela. Ildo horretatik, indarkeriarik handiena "estatuek eta kapitalismoak egunerokoan" erabiltzen dutena dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu