Politika

"Euskal Zikloa" abiatu nahi du Nazio Garapenerako Biltzarrak

Uztailaren 3an sortu zenetik orain arte egindako lanaren berri emateko Nazio Eztabaidagunea bildu du gaur Donostian Nazio Garapeneko Biltzarrak. Funtsean, asmo bat plazaratu du Biltzarrak batzar horren bidez: "Euskal Zikloa" izendatu dutena abian jartzekoa. Zehazki, "Euskal Herriaren egitate osoa abiapuntu eta Euskal Herriaren eraikuntza helburu" duen ziklo politikoa litzateke.

2004ko urriaren 23a
14:08
Entzun
Nazio Garapenerako Biltzarraren arabera, orain arte Euskal Herriaren herri izaera nahia aintzat hartu gabe egituratu dira ziklo politikoak, eta joera hori irauli nahi dute: "Orain arte, Euskal Herria bere herri izaera gogoan izan ez duten zikloen arabera egituratu dute gure eguneroko bizitza", nabarmendu dute.

Euskal Ziklo horren Nazio Eztabaida izango du abiapuntu. "Gure nazioaren egoeraz hausnartu, eztabaidatu eta garapenaren ikuspuntutik erabakiak hartu behar ditugu. Nazio Eztabaida ekintza gisa, herri honetarako ezinbesteko bitartekoa da, Euskal Herria aintzat hartzen dugunok eztabaidarako, adostasunerako eta elkarlanerako behar duguna", agertu dute Biltzarreko kideek.

Epea ere jarri diote ziklo horri; hots, Aberri Egunean izango du mugarria. "Aberri Eguna mugarri izango du zikloak. EukalHerriaren eguna adostasunerako une goren bezala bultzatu nahi dugu", agertu dute. Hain justu, nazio eraikuntzak elkarlana eskatzen duela azpimarratu du Garapenerako Biltzarrak, eta "elkarlana eta adostasuna" bultzatzea dela beren oinarrizko irizpidea.

Gatazkaren Konponbiderako Batzordearen ekarpena hurrengo egunetan

Nazio Eztabaidagunetik Nazio Garapenerako Biltzarra ez ezik, Gatazkaren Konponbidea sustatzeko Batzordea ere sortu zen; hura ere uztailean. Halaber, Garapenerako Biltzarrak bezala, orain arteko lanaren berri eman dio gaur Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak Eztabaidaguneari, baina horren berri hurrengo egunetan emango dutela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.