Nafarroako Gobernuarekin Internet bidezko izapideak egiterakoan euskarazko erabiltzaileek gaztelania erabiltzen dutenek baino aukera gutxiago dutela adierazi du Nafarroako arartekoak, Javier Enerizek. Era berean, gobernuaren webgunean gaztelaniazko eta euskarazko atal bana dagoela onartu badu ere, zehaztu du atalok ez datozela bat «luzera eta sakontasunean», euskarazkoaren kalterako. Gainera, administrazioak eskaintzen dituen prozedura elektroniko «ia gehienak gaztelania hutsean» daudela salatu du.
Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du Enerizek txostena, eta webguneko euskarazko atala gaztelaniazkoarekin parekatzeko eskatu dio gobernuari. Izan ere, arartekoak gogorarazi duenez, gobernuaren «betebeharra da hiritarrek administrazioan euskaraz egiteko eskubidea betearaztea». Gainera, Nafarroako eremu euskaldunean, euskaraz egiteko eskubideaz gain herritarrek «euskarazko arreta jasotzeko eskubidea» ere badutela gogorarazi du; alde horretatik, eskubide hori bermatzeko deia egin dio gobernuari.
Zerbitzuen %2,69 euskaraz
Nafarroako arartekoak aurkeztutako txostenaren arabera, gobernuaren web atariaren bitartez herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetarako fitxen %2,69 eta webguneko orri guztien %27,24 baino ez dira ageri euskaraz. Gainera, ondorioztatu du 2010ean Internet bitartez administrazioarekin eginiko tramite guztien %0,11 baino ez zela euskaraz egin.
Euskaldun nafarrek aukera gutxiago dute Interneten, arartekoak dioenez
Izapide elektronikoak egiteko, euskarazko erabiltzaileek ez dute gaztelaniazkoek beste aukera gobernuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu