Hizkuntz eskubideak. Behatokiaren urteko txostena

Euskaldunen ezinen istorioak

Euskaldunek jasandako eskubide urratzeen urteko bilduma kaleratu du Behatokiak, eta «utzikeriaz eta bereizkeriaz» ohartarazi duDaukaten jarreragatik kontuak eskatu dizkie erakundeei, eta baliabideak jartzea galdegin

Euskaldunen ezinen istorioak.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Beste pauso bat emateko garaia badela, euskararen aldeko jarrera agertzetik euskaraz bizitzera egin behar dela urratsa. Mezu hori gizarteratzen ari dira azken urteetan euskalgintzako eragileak. Ordea, horretarako ezinak bistan jarri ditu beste behin ere Hizkuntz Eskubideek Behatokiak egindako urteko txostenak. Ondorioa bera da 2011ko bilanean: euskaldunen eskubideak oraindik bermatu gabe daude, egunero dituzte ezinak euskaraz bizitzeko. Horrenbestez, erakundeei dei egin die, beste pauso bat eman dezaten haiek ere: euskaldunekiko «utzikeria eta bereizkeria» utzi, eta eskubideak bermatzeko eskatu die. Baliabideak galdegin dizkie Behatokiak.

Urteetako eskariak dira, baina gaur-gaurkoak. Hori nabarmendu du Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak. Zenbakiak eman ditu horren adierazle: 1.090 txosten ireki zituzten iaz;kexuak, gehien-gehienak: 990. Alor publikokoak dira gehienak, 586. Euskaldunek jasaten dutenaren «zati bat soilik» dira salaketak, gainera.

Legeek jarraitzen dute traba izaten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baita Nafarroako inguru batzuetan ere. «Normalizazioa oztopatzen segitzen dute, eta euskarak ez du errekonozimendu ofizialik». Legearen gerizpea ez da aski, ordea, Behatokiak dioenez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasua jarri dute, eta Nafarroako zonalde euskaldunekoa. Trabak dituzte euskaldunek.«Ofizialtasuna aitortzea ez da aski herritarren euskaraz bizitzeko nahia bermatzeko».

Hori ikusita, herritarrei adinako pausoa galdegin diete erakundeei ere: legearen gerizpea soilik ez, euskarak baliabideak behar dituela aurrera egiteko. Bestela euskaldunek kaltea jasaten jarraituko dutela ohartarazi du Petriatik: «Aukeratzeko askatasuna eta hizkuntz eskubidea erreala izateko, euskararen erabilera gizarte funtzio guztietan ziurtatu behar da eta baliabideak jarri behar dira».

Frantziako administrazioa

Ofizialtasunik ezak baztertuta

Euskarak tokirik gabe jarraitzen du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zerbitzu ematen duten Frantziako erakundeetan. Euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta, horretan oinarrituta, jakinarazpenetan eta argitalpenetan ez da ageri. Hori salatu dute Frantziako administrazioaren aurka Behatokiak iaz batutako 26 kexuetan. Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak jaso du salaketa gehien. Departamentuko hizkuntza izanagatik ere, euskara apenas ageri da kontseiluaren aldizkarian. Ministerioetako paperak frantsesez soilik igortzen dituzte.

Kontuak eskatzean, erantzun bera jaso du Behatokiak: frantsesa erabiltzera derrigortuta daudela erakundeak. Hori ikusita, ondorio bistakoa atera du: azken urteetako lege aldaketak hutsalak izan dira —2008an «Frantziaren parte» jo zituzten erregioetako hizkuntzak—, eta euskarak balio juridikorik izan gabe segitzen du.

Babesik ez horrek, bazterketa ez ezik, zalantzazko egoerak ere sortzen ditu euskaldunentzat alor pribatuan. Hara: legean zehaztu gabe egon arren, bankuetan ohiko izan da txekeak euskaraz idaztea —zenbait bankuk elebitan dauzkate txeketegiak—, baina 2011n bi herritarrek kexua jarri zuten, euskaraz idatzitako txekeak atzera bota zizkieten eta. Hutsune nabaria dago Iparraldean alor horretan: kontsumitzaile euskaldunek ez daukate babesik.

Espainiako administrazioa

«Akatsak» eta «oraindik ez»

Legea ez, ezintasunak hartzen dituzte ahotan Espainiako administrazioek, euskaldunen hizkuntz eskubideak urratu dituztela jakinaraztean. Behatokiak 76 alditan eskatu zizkion kontuak iaz. Agiri ofizialetan falta da euskara, eta komeria handiak izaten dituzte herritarrek erakundeetara joan eta euskaraz hizketan hastean. Euskaldunen batek salatu du erantzun txarra eman diotela.

Herritarrek badute eskubide euskaraz jarduteko erakundeetan, baina bistan da zaila dela hori. «Akatsak» aipatu dituzte erakundeek Behatokiari emandako erantzunetan, edo «oraindik» ez direla gai zerbitzu guztiak euskaraz emateko. Deigarri dira, hala ere, euskara ez erabiltzea zuritzeko emandako argudio batzuk. Gizarte Segurantzarena: Madrilen euskara ez denez ofiziala, eta agiri batzuk han egindakoak direnez edo hara igorri beharrekoak, horregatik ezin zaizkie euskaraz bidali herritarrei. Espainiako Barne Ministerioarena, Nafarroako egoeraz: zonalde bakoitzean euskarak estatus diferentea duenez, konplexutasunak saihesteko, gaztelaniaz bideratzen dute nortasun agiria. Euskaraz soilik idatzitako agiri ofizial zenbait ez ditu aintzat hartu Barne Ministerioak.

Arauen ezberdintasuna ikusten du horren atzean Behatokiak. Gaztelania jakiteko derrigortasuna ezartzen du Espainiako Konstituzioak. Behatokiak dio erakundeek «aitzakia» gisa erabiltzen dutela hori «eskubideak urratzeko».

Nafarroako Gobernua

Entzungor eta itsu

Euskararen kontrako jarrera aktiboa ikusi dio Behatokiak Nafarroako Gobernuari: «Euskararen presentzia ezabatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak murrizteko politika planifikatu bat burutzen du». Herritarrek 97 kasu jakinarazi dizkiote Behatokiari; areago, erakundeak berak txostenean azaldu du Nafarroako Arartekoak izan duela lana hizkuntz eskubideei dagokienez, eta kontuak eskatu dizkiola gobernuari.

Alferrik izan da gehienetan. Behatokiak 97 kasuei buruz azalpenak eskatu dituenean, askotan ez du erantzunik ere jaso. Osasunbidea da beltzune nagusia: euskaraz kasu egiten dutenak ia salbuespena dira, baita inguru euskaldunean ere. Legea urratzen duela ohartarazi du Behatokiak. Pauso bat eman du Osasunbideak, behartuta: eremu euskalduneko herritarrei euskaraz eta gaztelaniaz igorri dizkie medikutarako orduak. Jarrera itxia du, nolanahi ere: ez du Behatokiak bideratutako 23 kexuetatik bat bera ere erantzun.

Erakundeek oro har utzikeria dute euskararekiko, ez bada aurkako jarrera. Era guztietako erantzunak jaso ditu Behatokiak: paperetan ez dagoela lekurik euskara sartzeko, lan eskaintzak azkar zabaldu behar direla... Beste jokabidea: herritarren berdintasuna lortzeko, berdin jokatzea Nafarroa osoko herritarrekin, eremu batean edo bestean bizi. Emaitza: gaztelania soilik erabiltzea, eremu guztietan baliagarri denez.

Alor pribatuan ez da hobea egoera: babesik ez daukate Nafarroako kontsumitzaile euskaldunek.

Eusko Jaurlaritza

Epeen oztopoak

Lege aldetik babes handiena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan du euskarak. Ordea, Eusko Jaurlaritzak pilatu ditu salaketa gehienak: 171. Galdera egin du Behatokiak: nola ulertu legearen babesa eta herritarren salaketak? Erantzuna eman du: «Ez da egin urrats emankorrik herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartzeari begira».

Kontuak eskatzean, gisa bereko azalpenak eman ditu Jaurlaritzak: egoera aldatzeko bidean dela, progresiboa dela bidea eta protokoloak badaudela. Pausoak azkarrago eta eraginkorrago eman behar direla erantzun dio Behatokiak: «Progresibitatearen tempus malguak ez die mesederik egin hizkuntz eskubideen urraketak gainditzeko zentzuzko epeei, eta protokoloak behin eta berriro apurtzen dira edo ez dira betetzera iristen». Osakidetzan, justizian eta hezkuntzan jaso dute kexu gehien, eta tankerakoak dira beti.

Egoera ez da hobetuko, gainera, Jaurlaritzak iragarritako neurriekin, Behatokiak dioenez. Euskara ez da «erabakigarria» izango Osakidetzan postua lortzeko. Behatokia: «Diskriminazioa eta hizkuntza bereizkeria areagotu eta betikotzea baino ez du ekarriko».

Alor publikoan izandako atzerapausoa ere nabarmendu dute txostenean. Saltoki handietan euskaraz kasu egin beharra ezartzen zuen dekretua atzera bota izana salatu dute, eta hutsuneak daudela gogorarazi, publizitatean eta etiketetan, esate baterako.

Udalak

Borondatearen eskuetan

Herritarrengandik gertuen dauden erakundeek jaso dute kexu gehien, udalek: 194. Arrazoiak antzekoak dira haietan ere: paperak euskaraz egiteko zailtasunak eta euskaraz kasu egingo duen beharginik ez. Iparraldeko udaletan dago salaketa kopuru handiena (59). Euskaraz zerbitzua emateko baliabiderik ez daukatela erantzun dute herriko etxeek; Behatokiak gogorarazi du borondatearen esku dagoela euskaraz kasu egitea Iparraldean, legerik ez eta. Nafarroan, berriz, jarrera irmoagoa dute udal gehienek, euskararen aurka; Iruñekoari, adibidez, hemezortzi kexuren berri eman dio, eta bakarrari buruzko erantzuna jaso du. Bizkaiko udaletan, berriz, webguneetan-eta ez dago gaztelaniaz adina informazio.

Diputazioak

Gaztelania bakardadean

Errepideetako eta garraio publikoetako seinaleengatik jaso dituzte kexak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek batez ere. Gaztelaniaz soilik agertu dira batzuk. Errenta aitorpenetan ere izan dira horrelako gorabehera batzuk. Konpontzeko hitza eman dute kasu gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.