Eremu ez-euskaldun izendatutako herrietan ere, bada D ereduan, hau da, euskaraz ikasi eta irakatsi nahi duenik. Hala frogatu dute azken 35 urtean Zangozako ikastolakoek. Zailtasun eta oztopoez gaindi, hezkuntza proiektua sendotzea erdietsi dute, guraso talde txiki baten ametsa zena egia bilakatu baita. Igandean, hirugarrenez, Nafarroa Oinez Zangozan egingo da, bertako ikastolaren alde. Festa horren bitartez, ikastolaren egoera ekonomikoa egonkortu nahi dute, besteak beste. Izan ere, ikastola egun dagoen eraikina egin ahal izateko eskatutako maileguak kitatu nahi dituzte.
Ia dena prest dute Zangozan etziko. Ez dute inprobisaziorako zirrikiturik utzi nahi. Izaskun Aizpurua eta Shaila Saezen haurrek Zangozako ikastolan ikasten dute. Diotenez, azken asteetan, lan eskerga egin dute ikastolako kide guztiek. Ia txanda guztiak beteta daudela azaldu du Aizpuruak, eta ibilbidea haurren aulkitxoekin egiteko ez dela arazorik izango uste du Saezek. Izan ere, argitu dute adin guztientzako jaia izango dela. Dena den, ibilbidearen egoera eguraldiaren menpe egongo dela pentsatzen du Aizpuruak. Euria eginez gero, lokatza izan liteke ibilbidean. "Baina ibilbidean lokatzik izan gabe, ez litzateke benetako Nafarroa Oinez izango", ohartarazi du Aizpuruak, irriz.
Gurasoez gain, ikasleak ere buru-belarri dabiltza lanean. Aurten, berrikuntza moduan, erronka bat antolatu dute; 13 eta 16 urte arteko gazteek hartuko dute parte, eta irabazleek ikas-bidaia finantzatzeko dirua erdietsiko dute. Zangozako ikastolako ikasleek erronkarako osatu duten taldeko kidea da Alodia Guallar, DBHko hirugarren mailakoa; nahiz eta apur bat urduri dagoen, gogo biziz dago etzi noiz iritsiko. Dena den, esan du erronkan parte hartzeko ez dagoela modu berezian prestatu beharrik: "Ez naiz erronkarako propio prestatu; oraindik ez dakigu zer-nolakoak izango diren probak". Goizeko hamarretan hasiko dira erronkarekin, eta finala arratsaldeko ordu bi eta erdietan izango da, lehenengo gunean.
Nafarroa Oinez-en parte hartzeko moduak anitz dira. Julen Abaurrea DBH3ko ikasleak, Altxatu bere taldearekin, kontzertua eskainiko du 10:15ean, Goza izena duen hirugarren gunean. Abaurrea sortzez Irunberrikoa da, eta bertako ikastolako ikasle izan zen Lehen Hezkuntza amaitu zuen arte, Irunberriko ikastolan ez baita DBH egiterik. Beraz, Zangozako ikastolara joaten da egunero-egunero. "Irunberritik Zangozako ikastolara joateko 30 minutu behar izaten ditugu, gutxi gorabehera", jakinarazi du Abaurreak. Autobusean egunero ordubete inguru egiten duten arren, merezi duela iruditzen zaio.
Eremu ez-euskalduneko beste ikasle batzuek bezala, Zangozako ikasleek ere, DBH amaituta, bi aukera dituzte ikasten segitzea erabakiz gero: Zangozako institutuan gaztelaniaz ikastea edota Iruñera joatea. Ixa Baranda ikastolako irakaslearen semea, esaterako, Iruñeko San Fermin ikastolan ari da batxilergoa egiten. "Gogorra da; esfortzu handia da, garraioa guk ordaindu behar izaten dugulako. Baina merezi duela uste dut".
Iker Aramendiak ere ondo baino hobeto ezagutzen ditu euskaraz ikasteko oztopoak ere. Aita izan zuen ikastolaren sustatzaileetako bat. Aramendia bera izan zen lehenengo ikasleetako bat. Garai hartan, 1970eko hamarkada amaieran, arautu gabeko hezkuntza soilik eskaintzen zuen Zangozako ikastolak. Eraikin bat baino gehiago ezagutu zituen.
Orduz geroztik gauzak "izugarri" aldatu dira, eta aldaketa horiez jabetzeko parada izan du irailean Aramendiak. Izan ere, alabatxoa ikastolan hasi da, hiru urterekin. "Gure ikastolarekin ez du zerikusirik; askoz ere handiagoa da orain, onerako edo txarrerako". Gainera, ikastolan oso giro ona dagoela kontatu du.
Iritzi berekoak dira Saioa Juanto eta Unai Burguete ikastolako ikasle ohiak. Juanto ikastolan irakasle ari da egun, eta Burguete, berriz, irakasle izateko praktiketan. Juantok adierazi du Zangozan eta inguruko herrietan geroz eta gehiago egiten dela euskaraz, baina ikastolatik aterata ez dutela euskaraz egiteko aukera handirik izaten. Beste eremu askotan bezala, jakitea baino gehiago erabiltzea da zailtasunik handiena. Burguete sortzez Oibarkoa da, eta, haren hitzetan, herrian gero eta jende gehiagok egiten du euskaraz: "Oibarren, euskaldunen artean euskaraz egiten saiatzen gara. Gero eta heldu gehiago dago euskaltegietan euskaraz hitz egiten".
Egitarau oparoa
Aurrerantzean ere Zangoza eta inguruko herriak euskalduntzen jarraitu nahi dute Zangozako ikastolako kideek. Hori erdiesteko, ezinbesteko baliabidea da igandeko jaia. Eneko Alkorta egitaraua osatzean aritu den taldeko kidea da. Jakinarazi duenez, denera, ibilbideak lau gune izango ditu. Aurten, eskaintza oparoaren aldeko apustua egin dute Nafarroa Oinez jaiaren antolatzaileek. Besteak beste, Damba, Erramun Martikorena, Afu, Gose, Esne Beltza eta Zartakok K taldeak izango dira.
Adin guztientzako eskaintza prestatu dutela azpimarratu du Alkortak. Horregatik, Izan deituriko laugarren gunean, bereziki familia eta haurrentzako ekitaldiak izango dira. Gune guztiak goizeko hamarrak inguruan irekiko dituzte, eta iluntzerako amaitzea espero da. Alkortak esan duenez, jende andana espero dute. Halako jaietan, eguraldia izaten da jende kopurua baldintzatzen duten faktore nagusietako bat, eta, iragarpenen arabera, igandean eguraldi ona egingo du; beraz, ez da aitzakiarik izango Nafarroako ikastolen urteko jairik garrantzitsuenean parte ez hartzeko.
Esan izan gozan lelopean, eremu ez-euskaldun gisa izendatutako herri eta eskualdeetan euskaraz bizi nahi duenik badela frogatu eta erakutsi dute azken urtean Zangozan egindako lanaren bidez Heldu den urtean, Elizondoko Baztan ikastolak hartuko du Zangozako ikastolak emandako lekukoa.