KOMUNIKAZIOA

Euskalerria Irratiak lizentzia ospatzeko festa bat antolatuko du

Irailaren 30ean izango da ospakizuna, Iruñeko Zentral Kafe Antzokian, arratsaldeko zortzietatik aurrera.

Katakrak liburudendaren aretoan aurkeztu dute jaia. @GPETRIATI
2015eko irailaren 9a
17:39
Entzun

27 urte etengabeko borrokan ibili ondoren, azkenean, Euskalerria Irratiak emititzeko lizentzia eskuratuko du. Baimena lortzeak irratiko langileak ez ezik euskalgintzako eragile zein norbanako ugari ere poztu ditu, eta, Maialen Uharte irratiko esatariak adierazi duenez, guztiekin batera ospatu nahi dute garaipena. Horretarako, hilaren 30ean festa “xume bat”  eginen dutela iragarri dute, arratsaldeko zortzietan. Hiru musika talde egonen dira Iruñeko Zentral Kafe Antzokia girotzeko: The Broken Brothers Brass Band, Demode Quartet, Esne Beltzako Xabi Solano, DZ eta Pini.

“Albiste honek poztu gaitu, besteak beste, komunitatea asko poztu delako, baina alaitasun horrekin batera ardura ere sentitu dugu, zabaltzen zaizkigun erronka berrien aitzinean”, argitu du Juan Kruz Lakasta esatariak. Epe oso laburrerako xede finko bat plazaratu du Lakastak: irratiko seinalea Iruñerri osora zabaldu nahi dute, indarrez eta kalitatez, azken urteetan horretarako “arazo latzak” izan dituztela gogoraraziz. Egun gutxi barru eskuratuko dute lizentzia, eta berehala jarriko dira gai horretan lanean.

Beste erronka bat ere aipatu dute, epe hain laburrerako izanen ez dena. Euskalerria Irratia da tokiko informazio zabalena eskaintzen duena, ordu gehien eskaintzen duena, baina ez da nahikoa. Hori dela eta, ordutegia zabaltzeko asmoa erakutsi dute irratiko langileek.

Edukiei dagokienez, aurten berezitasun batzuk izango dituztela jakinarazi du Lakastak: “Aldaketa une historikoa bizi dugu Nafarroan, eta horri behar bezalako topagunea eskaini nahi diogu”. Horretarako, denboraldi berrian Iruñerriko alkateen solasaldia sartuko da programan. “Orain hainbat alkate euskaldun ditugunez, horretarako bidea badago. Horrek badu bere indar sinbolikoa”, gehitu du.

Badago zer ospatu, eta, horrenbestez, zer zoriondu ere bai. Mikel Bujanda irratiko zuzendariak esker ona adierazi nahi izan die egun hauetan zorion mezuak bidali dizkieten guztiei. “Egia esan, ustekabea izan da zenbat jende ezagun eta ezezagunek zoriondu gaituen, gisa guztietako mezuen bidez”, aitortu du Bujandak. Bereziki, bi pertsonaren zorion keinuak aipatu ditu: Esteban Irigoien apaizarena eta Patxi Uharte Zaldieroarena. Lehena Nafarroan euskarazko irratian aitzindari izan zen, eta eskuz idatzitako gutun bat bidali die. Bigarrenak, berriz, lizentzia eman eta hurrengo egunean, BERRIA egunkariak azalean atera zuen irudia egin zuen, gero posterra bilakatu dena. “Zorion publiko horiek aipatu nahi genituzke, jasotako mezuen isla gisa”, ohartarazi du zuzendariak.

Amaitzeko, Uhartek jakinarazi du lizentziarena etorkizunean etorriko diren beste urratsen lehena izatea espero dutela, euskarari zor zaiona emateko. Era berean, argi utzi dute hemendik aitzinerako bidean ere komunitatearekin eta haren eskutik egin nahi dutela aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.