Gasteizko Euskara Sektoreko Kontseiluaren bilerak minutu gutxi batzuk baino ez zuen iraun atzo; bilerara joandako Gasteizko euskalgintzako ordezkariek aretoa uzteko behar izan zuten denbora, hain zuzen ere. Gasteizko Udalari planto egin zioten, kontseilua «agortuta» dagoela uste baitute. «Ez du balio ez funtsezko eztabaidak bideratzeko, ez hartzen diren erabakiak betetzen direla bermatzeko, ez egokitzapenak adosteko», argudiatu zuten bileraren ostean igorritako ohar batean. Alfredo Iturritxa Gasteizko Udaleko Herritarrentzako Zerbitzuetako zinegotziak ez zuen adierazpenik egin nahi izan bileraren ostean.
AEK, IKA, Udaberria eta Hegoaldea euskaltegietako, Arabako Bertsozale Elkarteko, Orhum Zine Forumeko, Zabalgana Batuzeko, Bai Euskarari-ko, GEUko, EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Denon Eskolako ordezkariek utzi zuten bilera, atzo. Bertan jarraitzeak ez zuela «zentzurik» arrazoitu dute elkarte horiek. «Ez da tresna baliagarria ez euskara zerbitzuaren lana errazteko, ezta euskalgintzaren beharrak asetzeko ere». Udal Euskara Kontseilua utzi arren, ordezkari guztiek adierazi dute ez dutela zalantzan jartzen Gasteizen euskararen normalizatzeko plan bat baduela, ezta Euskara Kontseilu batek horren diseinua eta jarraipena egin behar duela ere. Dena den, udalaren jarrera ikusita, tresna horiek ez dutela balio gaineratu dute.
Euskara Kontseiluak egindako bilerak —ohiko bi bilera, eta ezohiko bat— ez dutela ezertarako balio izan azaldu zuten elkarteek. Alde guztien arteko komunikazioa egon beharrean, Gasteizko Udalak hartutako erabakien berri baino ez zuela ematen salatu dute. Besteak beste, euskalgintzako egitasmoak aurrera eramateko laguntzak %20 baino apur bat gehiago murriztu zituztela nabarmendu dute euskalgintzako ordezkariek, eta murrizketa hori aurretik hartutako erabakia balitz bezala aurkeztu zuela Iturritxak. Eta ez zuela ezer eztabaidatzeko aukerarik eman. Ordea, laguntza horietatik aurreztutako dirua beste zerbitzu batzuetara bideratu dutela kritikatu du Gorka Arbulu EHEko Arabako koordinatzaileak, Kirol Medikuntzako Zentrora kasurako.
Udal Euskara Kontseilua utzi arren, elkarteek nabarmendu dute udalarekiko zituzten konpromiso guztiak betetzen jarraituko dutela. Euskara Zerbitzuarekin zuten harremana ere mantenduko dutela berretsi dute. «Kontseiluan genuen harremana posta elektriko bidezko harremanagatik ordezkatu daiteke». Halaber, euskalgintzak garatzen dituen proiektuekin jarraituko dutela erantsi dute, euskararen normalizazioa lortzeko.
Ekainean jakinarazita
Atzoko erabakia ez da egun bateko arazoa. Besteak beste, udalarekiko haserrea ekainaren hasieran irudikatu zuten eragileek. Elkarte horiek salatu zuten Gasteizko Udalarekin zituzten hitzarmenak «geldirik» zeudela, alor horri zegokion aurrekontua prestatu gabe zegoelako. Hau da, euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko egitasmoek ez zuten aurrera egiteko finantzaketarik, urte erdia igaro arren.
Egoera horren larritasunak behartuta, euskararen ezohiko sektore kontseilua deitu zuten, argibideak eta neurriak eskatzeko. Besteak beste, xehatutako aurrekontua aurkezteko eskatu zioten Alfredo Iturritxa Gasteizko Udaleko Hiritarrentzako Zerbitzuetako zinegotziari, baita euskalgintzari zuzendutako diruaren berri emateko ere.
Euskararen inguruan «errespetu, ezagutza eta interes gutxi» erakustea leporatu zioten PPko udal gobernuari euskalgintzako eragileek, eta atzo irudikatu zena aurreratu zuten. «Gasteizko Udalak orain arte erakutsi duen jarrera mantentzen badu, Euskararen Sektore Kontseilua utziko dugu». Lau hilabete igaro dira ordutik, eta oharra gauzatu dute.
Ordea, Gasteizko Udalak hiriko euskalgintzarekin izandako tirabirak lehenagotik datoz, Marotok alkatetza bereganatu eta zortzi hilabetera heldu baitzen lehen zalaparta. Euskarari zuzendutako aurrekontua ez zuela ukituko agindu zuen alkate izendatu zuten unetik bertatik. Dena den, otsailaren hasieran, bertan behera utzi zuen Arabako Bertsozale Elkartearekin zuen hitzarmena. Egun batetik bestera, 50.000 euroko laguntza jasotzetik zero eurora igaro ziren. Hilabete behar izan zuten bi aldeek beste hitzarmen bat sinatzeko, 40.000 eurokoa, aurrekoa baino %20 txikiagoa.
Euskalgintzak planto egin dio Marotori
Gasteizko Euskara Sektore Kontseiluan egoteari uko egin diote, udalak «errespetuz» tratatzen dituen arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu