Euskalgintzako eragileek Deiadarrera deitu dute, lege esparru duina eskatzeko

Frantziako Senatuan ostegunean egindako eztabaida baliorik gabeko «antzerki hutsa» izan zela diote

Kontseiluko eta Euskal Konfederazioko kideak, atzo Baionan egindako agerraldian. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Euskararen egoera zinez larria delarik, euskalgintzako gizarte eragileek Deiadarrak antolatu izan dituzte, eta orain begirada 2012ko martxoaren 31n jarri dute, beste Deiadar batera deitzeko. Denborarekin egindako deialdia da, «purrustaden» politikatik at, eta geroan euskararen kontra bihur daitezkeen lege egitasmoak baztertuz. Deiadar horrek Euskal Herriko mugak gaindituko ditu. Izan ere, euskaldunekin batera, hizkuntza gutxituen aldeko manifestazioak antolatuko dituzte Alsazia, Bretainia, Okzitania, Katalunia eta Korsikan, egiazko lege geriza eskatzeko. Baliteke Parisen ere antolatzea manifestazio bat, han bizi direnei hizkuntza gutxituen aldeko aldarria egiteko modua emateko.

Zortzi hilabeteko epearekin antolatu dute manifestazioa, eta epe horretan hainbat ekimen bultzatu nahi dituzte. Manifestazioa kanpaina zabal horren gailurra izanen da, baina ez da horretan bukatuko. Izan ere, horren ondotik Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izanen dira, eta alderdi politikoei eskatu diete programetan sartzea lege egitasmoaren proposamena. Azpimarratu dute ez dutela edozein lege onartuko. Euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege geriza eskatu dute, eta azaldu dute diputatuekin elkarlanean aritzeko gertu daudela , bide horretan sakontzeko prest badaude.

Ostegunean Frantziako Senatuan izandako eztabaidaren inguruan ez dute denborarik galdu: «antzerki hutsa» izan dela nabarmendu dute. Alta, zenbait analisi egin dituzte horren harira. «Hizkuntzen gaia nehoiz baino gehiago entzuten da Parisen; 2007tik hona, 43 aldiz aipatu dute Senatuan, eta 194 proposamen egin dira Parlamentuan. Azken sei urteetan, diputatuek bultzaturiko sei lege proposamen izan dira, eta horrek erakusten du herri mugimenduak baduela eragina, eta presioa eginez segitu behar dela, ez tarrapatan, baizik eta lasaitasun osoz, behar dugun legea izan arte», adierazi du Jakes Bortairuk, Euskal Konfederazioko kideak.

Frantziako senatariek erakutsi zuten arinkeria deitoratu zuen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. «Non ziren gure senatariak?», galdetu zuen, eta azpimarratu euskal herritarren hizkuntza eskubideak defenditu behar zituzten Euskal Herriko senatariak ez zeudela eztabaidan.Herritarrei eta hautetsiei dei egin zien, 2012ko martxoaren 31ko ekitaldira bitartean ekimenetan parte hartu eta mobilizatzera.

Hitzaren balioa

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak lege egitasmoa osatuko zuela agindu zuen 2007an. Christine Albanel Kultura ministroak emandako hitza berretsi zuen 2008an, baina, ororen buru, lege beharrik ez zegoela adierazi zuen Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroak. Geroztik ez dago gobernuaren lege xederik, eta diputatuek osatu dituzten lege proposamenak ez dira oraindik sartu parlamentuko egitarauan. Euskararen kontra bihur daitekeen legerik ez dutela onartuko azaldu dute eragileek, eta osteguneko eztabaidan egindako zenbait adierazpen nabarmendu.

Frantzia bat bera eta zatikaezina dela erran zuten senatariek behin baino berritan. Eta, ondorioz, bateratasun hori arriskuan jar dezaketen eskubideak ezin direla onartu. Senatari batek Korsikako salbuespena gogorarazi zuen. Legea, dagoen bezala, aitzinamendu hori urratzeko erabil daiteke. Eztabaida oren batera zegoen mugaturik, eta baliteke irailean segitzea, edo ez. Ez zen bozketarik egin. Luc Chatel Frantziako Hezkuntza ministroak adierazi zuen Frantziako Gobernuak zirkular bat eginen duela, hizkuntza gutxituen aldeko neurriak bilduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.