'Zure ziztada behar dugu'

Euskalgintzako hainbat eragilek babesa eman diote BERRIAlaguna komunitateari

11:00etan bildu dira Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. 

2012ko otsailaren 24a
16:50
Entzun

Euskalgintzako hainbat eragile bildu dira gaur goizean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, BERRIAlaguna komunitateari babesa emateko. 11:00etan elkartu dira, eta BERRIAren egoeraren eta Zure ziztada behar dugu kanpainaren berri ere jaso dute. 

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da BERRIA Taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA Taldea iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio orain, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Milaka norbanakako bildu nahi ditu herriz herriko lanean. Arloka, berriz, orain kirol eta kultur munduko eragileekin lanean ari da, proiektuari atxikimendua emateko. "Inork kanpainan lagundu nahi badu, ez zalantzarik izan, laguntza txikiena ere handia da, denon ekarria behar dugu", dio BERRIA Taldeak. Kanpaina zabaltzen lagundu nahi izanez gero, [email protected] helbidera idazteko eskatu du.

Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.