Uda euskara ikasteko "garai ezin hobea" dela azpimarratu dute euskaltegi eta barnetegietako ordezkariek. HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak adierazi duenez, 5.000 ikasleren bueltan ibili ohi dira euskaltegi eta barnetegietan, eta, aurten, 6.000 iritsi baietz apustu egin du. Izan ere, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearen arabera, iaz garai honetarako izena emana zutenen gainetik daude kopuruak.
AEK-ko Mertxe Mugikak adierazi duenez, euskararen erabilera sustatzen duen ekinbide orori emango dio AEK-k babesa. Erakundeen arteko elkarlana izan du aipagai Mugikak, eta azpimarratu "aspalditik" espero zutela gaur Donostiako Miramar jauregian lortutako argazkia. Izan ere, han izan dira Euskararen Txantxangorriaren sustatzaile HAKOBAko zenbait kide, euskaltegi eta barnetegietako ordezkariak, eta euskara ikasleak, euren esperientziaren berri ematen.
Agerraldiaren bidez, Euskararen Txantxangorriaren abestia ere aurkeztu dute: Sorotan Bele taldeko Urbil Artolak eta Gorka Sarriegik egin dute, Dani Venegas musikarekin batera.