Euskaltelen erabakia "albiste oso ona" da Gaia klusterrarentzat

2015eko ekainaren 3a
13:24
Entzun

Burtsaratzeak "kategoria handiagoko ligan" jokatzeko aukera emango diola esan du Manuel Salaberria elektronika, informatika eta telekomunikazio enpresak biltzen dituen Gaia klusterreko presidenteak, eta horrek proiektu berriak erakartzeko balioko duela. "Enpresarentzat, inguruarentzat eta herrialdearentzat albiste oso ona da".

245 enpresa biltzen ditu Gaiak, tartean Euskaltel bera. Bost urteko jaitsieraren ostean, %2,4 gehiago fakturatu zuen iaz sektoreak, eta aurreikuspenak are baikorragoak dira 2015erako: %6,1eko hazkundea espero du.

Salmentetan gora egin arren, enpleguari ez zioten eutsi enpresek. 10.564 laguni ematen diete lana gaur egun, aurreko urtean baino %2,1 gutxiagori. Batik bat fusioek eragin dute enpleguaren galera. Aurten enplegua %4,3 haziko dela iragarri dute.

Salmenten %40 atzerrian egiten dute, baina "ahulezia" bat badutela azaldu dute klusterreko ordezkariek, 50 langilez azpiko enpresek ia ezer ez dutelako saltzen atzerrira. Etorkizunera begira finkatutako erronka nagusietako bat da industriak eskaintzen dituen produktuei zerbitzuak eranstea.

Salabarriaren esanetan, krisiaren okerrena gainditu da dagoeneko, baina "garrantzitsuena" falta da oraindik. "Toki egokian kokatu behar dugu sektoreak dagokion papera izan dezan bizi dugun enpresa eta ekonomia testuinguruaren aldaketan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.