Arratsaldeko 16:30ean jasoko du Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak saria Martin Schulz Europako Parlamentuaren presidentearen eskutik. Parlamentuan bertan egingo da saria emateko ekitaldia. Parlamentua 2008an hasi zen saria ematen Europako balioen alde lanean ari diren erakundeei. Euskaldunen eskubideak eta euskararen erabilera sustatzeagatik eman dio saria Europako Batasunak.
Irailaren 24an Madrilen jaso zuen jada domina Euskaltzaindiak, Europako Batasunak Madrilen daukan ordezkaritzan. Urrutiak orduan nabarmendu zuen saria ez dagokiola Euskaltzaindiari bakarrik. Izan ere, euskalgintza "bikoitza" dela garbi du. "Alde batetik, Euskaltzaindia historikoki eta gaur egun osatzen duten kide guztiak dauzkagu, eta, beste aldean, euskararen eta kulturaren alde isilean lanean dihardutenak. Horiena ere bada saria. Euskaltzaindia, azken batean, euskalgintza osoa baita".
Europako Herritarra saria, dena den, ez du Euskaltzaindiak bakarrik jasoko. Guztira, 43 erakunde sarituko dituzte Bruselan. Saritu dituzten beste erakundeen artean, hain zuzen ere, Etxe Kaleratzeak Stop elkartea dago. Ada Colau elkarteko buruak Euskaltzaindiarekin batera jaso zuen domina, Madrilen, eta gaur Sara Vazquez PAH elkarteko ordezkariak jasoko du saria.