Euskaltzaindiak Internetera eraman ditu 'Argibide bibliografikoak'

Iaz argitaratutako liburuko edukiak sarera eraman dituzte, eta osatuz joango dira iradokizunen bitartez

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak bere webgunera eraman du Euskararen Historia Soziala; Argibide bibliografikoak liburua. 2011. urtean aurkeztu zuen liburu hori, jakite eremu horretako baliabide inprimatuak ezagutarazteko, eta helburu horretan aurrera egin du orain, liburuko edukiak Internetera eramanez. Alde batetik, ikerketetarako bibliografia bilatzea erraztuko du, eta, bestetik, euskarri digitalean egoteak gaurkotzea ahalbidetuko du.

Ikertzaileei begira egina dago lan horren zati nagusia. Bertan dagoen informazioak «bere mugak» dituela azaldu duen arren, 4.500 titulu inguru jasotzen ditu lanak, eta eduki egokiak topatzeko, hiru modutan egin daitezke bilaketak sarean: izenburuen , egileen eta gako hitzen arabera. Azken horren baliagarritasuna nabarmendu du Joseba Itxaustik, egitasmoko zuzendariak. Horrez gain, agirien fitxa bat ere eskaintzen du, eta jatorrizko liburua paperean eskuragai balego zein liburutegitan dagoen ere zehazten du, besteak beste.

Azkenik, herritar ororentzako atal bat ere eskaini du Euskaltzaindiak, euskararen historia soziala lantzen duten argitalpenetarako sarbide «eroso bat» eskaini ahal izateko, oinarrizko bibliografia baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.