gizartea

Euskaltzaindian "akordioa posible" dela uste du Urrutiak

"Zenbat buru hainbat aburu" daude, euskaltzainburuaren ustez, eta akademiari buruz nork bere iritzia duela berretsi du, baina "denen beharra" dagoela. Zuzendaritzak iritzi horiek bideratzen jarriko ditu indarrak, joan den ostiralean Baionan esan zuten bezala.

Andres Urrutia euskaltzainburua. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2013ko abenduaren 23a
14:39
Entzun

Gramatika Batzordearen adierazpen polemikoek eta hainbat dimisiok sortutako krisiari elkarrizketa bidea zabalduko ziotela iragarri zuen joan den ostiralean Euskaltzaindiaren zuzendaritzak, Baionan. Andres Urrutiak Euskadi Irratian hitz egin du gaur, eta esan du horretarako egitaraua batzordeen esku jarriko dutela, Gramatika Batzordeko kideen esku ere bai, "iritzi ezberdinok" bateratzeko asmoz.

Halere, hark nabarmendu duenez, Euskaltzaindia ez dago zatituta; ez dago banaketarik euskaltzainen artean: "Bakoitza mundu bat da, mundu berezi bat", eta iritziak "zorrozten eta bateratzen batzuetan asmatzen da, beste batzuetan ez".

Dimisioaz ere galdegin diote, eta berretsi du berak ez duela horretarako asmorik; zuzendaritza organo kolegiatu bat den aldetik, "edonork bere burua aurkez" dezakeelako, eta hori egiteko bidea zabalik dagoelako. "Karguak zerbitzu bat emateko dira", eta zuzendaritzak bideratzen ditu eginbeharrak.

Gogoeta

Gogoetarako denbora izango da, iritziak bideratze aldera, baina gogo jardunak bi urtean behin egiten dituztela gogorarazi du Urrutiak, gune hori izaten dutela eztabaidak bideratzeko eta aurrera begirakoak finkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.