Gaurtik Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu daiteke Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bigarren argitaraldia aurkeztu du akademiak gaur goizean. Euskararen akademiak jasota dauzkan corpusetan oinarritu dira hiztegia osatzeko: Orotariko Euskal Hiztegia, XX. mendeko corpus estatistikoa eta Lexikoaren Behatokia erabili dituzte. Hiztegian txertatu diren adibideak ere corpus horietatik hartu dituzte. 2012koa baino zabalagoa da: 20.000 sarrera zituen lehen, eta 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera egun. Paperezko edizioa bi liburukik osatzen dute.
Dena den, sareak eskainiko ditu berrikuntza nabarmenak. Izan ere, ohiko kontsulta egiteaz gain, bilaketa aurreratua ere egin daiteke. Kasurako, hiztegian dauden aditz guztiak zein diren edo bizkaierazko zein hitz jaso diren ikus daiteke bilaketa bakarrean. Horrez gainera, bertsio digitalak Euskaltzaindiaren baliabide lexikografikoetarako zuzeneko sarrera eskainiko du; alegia, hiztegian berba bat bilatzen denean corpusetan zelan jasota dagoen ere ikusi ahal izango da.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, Euskaltzaindiak egiten duen lana gizartearen eskura jartzeko beste pauso bat eman dute hiztegia sarean jarrita. Epe ertainera gailu elektronikoetarako aplikazioa sortzea ere badute gogoan.