Gizarte mugimendu modura artikulatzen jarraitzeko "kohesioan eta gizarte eraginean lehentasunak" jartzea erabaki dute Topaguneak gaur goizean, Durangon (Bizkaia) egindako Batzar Nagusian. Horrela, beste hainbat neurriren artean, federazioaren izena bera aldatzea erabaki dute; aurrerantzean Euskaltzaleen Topagunea izena izango du.
Hiru urteko hausnarketaldia amaitu dute Topagunea osatzen dutenek. Elkarteak azaldu duenez, "azken urteotako gogoetarekin hasitako eraldaketan sakontzen jarraitzeko urtea" izaten ari da 2013, eta batzarrari aurkeztutako Kudeaketa Planak "kohesioan, transmisioan, gizarte eraginean eta motibazioaren lanketan" jasotzen ditu erronka nagusiak.
Oinarri sendoak, erronka berriak
Urtearen balorazioa egiterakoan, 2012ko azaroan Bilbon egindako Topagunearen Bigarren Kongresua azpimarratu du Mikel Irizar presidenteak. "Federaziotik Mugimendura" izenburupean egindako Kongresuarekin gogoeta
garaia itxi eta ekintzetan sakontzeko garaiari ekitea ekarri duela nabarmendu du.
Topagunearen ekimenez euskarazko tokiko hedabideek osatzen duten TOKIKOMen sorrera ere nabarmendu du Irizarrek.