Dena prest da igandean Zizur Txikian Nafarroa Oinez besta ospatzeko. Milaka euskaltzale eta eguraldi ona espero dute San Fermin ikastolako arduradunek, urte luzeko lanari amaiera ezin hobea emateko. Euskarari bultzada eman nahi diote eta, horrekin batera, zentroko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat duten lekua handitu, egoitza txiki gelditu baitzaie. 1.514 ikasle ditu San Fermin ikastolak, eta haiekin ia ehun irakasle eta bertze 38 langile aritzen dira beharrean.
Ikastetxeko kideek, hain zuzen, parte hartuko dute igandeko bestan. Denera, 1.800 boluntario ariko dira lanean, bost guneko eta zortzi kilometro eta erdiko ibilbidean. Zizur Txikiak eta Nagusiak bat eginen dute ibilbidearen eskutik. Bost guneetan, egun osoan izanen da zer egin, zer ikusi eta zer entzun, 30 kontzertutik goiti eta bertze hamaika ekitaldi prestatu baitituzte San Fermin ikastolako arduradunek. Adin guztietako euskaltzaleentzat eskaintza zabala prestatu dute.
Bestako berritasun nagusietako bat lehen gunean jarriko duten Ekotxosna izanen da. «Oinez Berdearen filosofiarekin bat egin, eta barazkijale eta beganoentzako gunea prestatzea erabaki dugu», azaldu du ikastolako zuzendari Pilar Vicentek. Zuku naturalak eta menu ekologikoa eta beganoa dastatzeko aukera ere izanen da bertan.
Oinez Berdearen ideiaren ildotik, garraio publikoa eta bizikleta erabiltzeko eskatu diete San Fermin ikastolako kideek, Iruñerriko euskaltzaleei batez ere. Ingurumena zaintzea, birziklatzea eta ura neurrian gastatzea ere galdegin diete.
10:00etan, irekiera ekitaldia
Hirugarren guneko eskaintza ere berezia izanen da. Horixe nabarmendu du Vicentek. Nafarroa Oinez besta antolatzen duten ikastolek gogoeta egin dute azken boladan egun horretan gazteenen artean alkoholaren kontsumoak duen eraginari buruz; ondorioz, «ibilbidean, 11 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat gune berezia» prestatzea erabaki dute. Hirugarrena izanen da gune hori. Karaokea, jinkana, hip hop ikastaroa eta bertze hainbat ekitaldi izanen dute gazteenek.
Bertsolariak, herri kirolak, Irrien Lagunak, puzgarriak, dantzariak, ludoteka... egun osoko egitaraua prestatu dute San Fermin ikastolako kideek. Ibilbideak goizeko hamarretan irekiko ditu ateak. Txikien patioan eginen dute irekiera ekitaldia. Nafarroako Gobernutik, Hezkuntza zuzendari nagusi David Herreros eta Euskarabideko kudeatzaile Maximino Gomez izanen dira. Eusko Jaurlaritzatik, berriz, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi.
12:00etan, berriz, San Fermin ikastolako areto nagusian, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiari omenaldia eginen diote. Gainera, ekitaldi berean, Tuterako Argia ikastolak hurrengo urteko Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa hartuko du. 2014. urtekoa, berriz, Zangozan egingo dute.
San Fermin ikastolak, halaber, Euskalerria irratiak egiten duen lanari aipamen berezia egin dio. Lizentzia eskatu du irratiarentzat, eta Iruñerrian euskarazko hedabideak izatea funtsezkotzat jo du zentroko presidente Javier Barcosek: «Komunikazio tresna ezinbestekoak dira hizkuntzaren garapenerako».
Barcosek eta Vicentek Nafarroa Oinez ospatzeko deia egin diete euskaltzale guztiei. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak ere ikastolen bestan parte hartzera deitu ditu herritarrak. «32. aldia izanen da aurtengoa; denera, 200 kilometro inguru egin ditugu». Ikastolen bestaren erronka garbia dela erantsi du Mariñelarenak: «Euskara Nafarroa osoan ofizial izatea, eta irakaskuntzan sendotzea, batez ere unibertsitatean, hor egiten baitu huts, egun, bereziki». Helburutzat jarri du, halaber, euskarak toki egokia izatea hedabideetan, bai eta herritarrek administrazioarekin duten harremanetan ere.
Euskaltzaleen zain dira San Fermin ikastolan, Oinez besta ospatzeko
Igandean eginen dute Nafarroako ikastolen besta, Zizur Txikian; zortzi kilometro eta erdiko ibilbidea prest da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu