«Errealitatetik kanpo dagoen asmo txarreko irakurketa bat egin nahi izan dute nire hitzekin». Horrela erantzun die Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskararen Aholku Batzordearen bileran egindako hitzaldiak piztutako kritikei. Euskara «askatasun hizkuntza eta askatasunerako hizkuntza» izan dela nabarmendu, eta PSE-EEk ildo horretan egindako lana gogorarazi du. «Euskara askatasunean sustatzea da gure leloa». Horregatik, «euskara borroka politikorako» erabili nahi izatea leporatu die asteazkeneko adierazpenak kritikatu dituztenei.
Euskadiri «terrorismoa» egoteak kalte egin diola gogorarazi du Lopezek. «Indarkeria Euskadiko erreferente guztietara lotu duten jendea egon da, euskarara barne». Indarkeria desagertzen denean euskara eta EAE askatasunarekin lotuko dituela aurreratu du, «horrela izan baita beti».
Ildo beretik jo du PSE-EEk, kaleratu duen prentsa ohar batean. «Arreta desbideratu ahal izateko» helburuarekin euskara erabili izatea leporatu diete Lopezen adierazpenak kritikatu dituzten EAJko kideei. «Zarata egin, besterik ez dute egiten, gure hizkuntzari egin diezaioketen kalteaz kezkatu gabe». PSE-EEren ustez, EAJk bere burua euskararen jabetzat du, eta euskalduna izatea nazionalista izatearekin lotzen duela gaineratu du.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako Kultura diputatuek gogor kritikatu dute Lopezen hitzaldia, eta euskararen defendatzaileak «iraintzea» leporatu diote lehendakariari.
EGA, 2012an baliozkotuta
Horrez gain, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurreratu du ikasketak euskaraz egin dituzten pertsonei euskara gaitasuna aitortzea ahalbidetuko duen dekretua indarrean egongo dela 2012ko udarako. Auzmendik berretsi egin du Blanca Urgell eta Isabel Zelaa sailburuek aurreratu zuten neurriaren oinarria. Hau da, dekretu horretan ez zaie euskaraz jakitearen agiririk aitortuko euskaraz ikasi dutenei, baizik eta lan eskaintza publikoetan jakite horiek baliozkotuko dizkiete egindako ikasketen arabera.
Lehen Hezkuntzan hasitako unibertsitateko ikasketak bukatu arte euskaraz ikasi duten pertsonei EGArekin baliozkotuko zaizkie ikasketa horiek lan eskaintza publikoetan. «Hamabost edo hogei urtez euskaraz ikasi dutenek euskara maila egiaztatzeko azterketa batera joan behar izatea zentzugabekeria dela uste dugu», azaldu du Auzmendik ETB2n egindako elkarrizketa batean.
2012an onartu nahi duten dekretu horretan derrigorrezko hezkuntza euskaraz ikasi dutenei B2 maila eta Lehen Hezkuntza euskaraz ikasi dutenei B1 maila baliozkotzea arautuko dute. Besteak beste, dekretuan argitu beharko dute euskarazko zenbat ikasgai izango diren beharrezkoak baliozkotze horiek jasotzeko.
«Euskara askatasunean sustatzea da gure leloa»
Patxi Lopezek «euskara borroka politikorako» erabili nahi izatea leporatu die kritikak egin dizkiotenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu