Euskara-Hizkuntz normalizazioa

Euskara babesteko akordio soziopolitikoa ekainerako adostea espero du Xabier Mendigurenek

Xabier Mendiguren Euskararen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusiak aurreratu duenez, euskara babesteko akordio soziopolitikoa ekainerako eskuetan edukitzea espero du. Akordio horrek bi zutabe nagusi dituela nabarmendu du: euskararen normalizazioa eta euskalgintzari eman beharreko babesa. Mendigurenen arabera, akordioa ez da borondate oneko akordioa hust bat, "baizik eta edukiz betetako akordio bat izan behar du". Halaber, euskararen normalizazioaren bidean "lan asko" egiteke dagoela azpimarratu du.

2004ko otsailaren 25a
14:10
Entzun
Euskadi irratian eskaini duen elkarrizketan eman du euskara babesteko akordioa soziopolitikoaren berri Xabier Mendigurenek. Egun, gizarte eragil, sindikatu eta alderdi politikoekin bigarren erronda egiten ari direla adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Lehenengoan prestutasuna eskatu genien, bigarrenean eragile bakoitzak egiten dizkigun oharrak jasotzen ari gara, eta hirugarrengo saioan akordioaren zirriborroa egingo dugu, eta ekainerako akordioa adostuta edukitzea espero dugu", zehaztu du.

Euskara babesteko akordio soziopolitikoak bi zutabe nagusi dituela azpimarratu du Mendigurenek; euskararen normalizazioa bata, eta euskara eta euskalgintza babesteko neurriak hartzea, bestea. Euskararen normalizazioa orain dela bost urte hasitako bidea dela gogoratu du Mendigurenek, eta oraindik asko dagoela egiteko azpimarratu. "Instituzioetan eta administrazioan gabezi handiak daude. Eskolak ere ez du euskalduntzen, eta indar handiagoa jarri beharko luke euskararen arloan; unibertsitatean ere ez dago karrera euskaraz osorik egiteko aukerarik, eta horrek lotura zuzena du lan munduarekin", nabarmendu du.

Ildo horretatik, helduen euskalduntzean ere egiteko asko dagoela esan du, "bestela euskara haurren eta gazteen kontua bihurtzeko arriskua baitago". Etorkin gazte nahiz helduak euskalduntzean ere lana dagoela gogoratu du eta komunikabideetan euskararen presentzia eta erabilpenerako kuota bat jarri beharko litzatekeela esan du, "batzuk egiten duten lana, besteek zapuztea, eta egoera hori neutralizatu egin beharra dago". Bide horri bultzada bat emateko euskararen aldeko marketing kanpaina egitea proposatu du Mendigurenek.

Bigarren zutabea, euskara babestea

Akordio soziopolitikoaren bigarren zutabea euskara babestea dela nabarmendu du Xabier Mendigurenek. "Euskalgintzak babesa behar du. Hor kostu batzuk egon dira, eta gisa horretako erasoei aurre egiteko babes ekintzak behar dira, bestela urteetan egindako lana desegiten digute egun batetik bestera", adierazi du. Babes neurri horien eskaria 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako polizia operazioen ondoren etorri dela esan du.

Mendigurenek adierazi duenez, ez da lehen aldia alderdi politikoei babesa eskatzen diotena, "baina oraingoan sistematikoki egin dugu, zabalago". Horren harira, Ibarretxe planean, nazio eztabaidagunea eta Ipar Euskal Herriko Batera mugimenduan euskararen normalizazioaren atala azpimarratu behar dela azpimarratu du.

Euskararen normalizazioa, normalizazio politikoa

Euskararen Gizarte Kontseiluak esana da "nekez" lor daitekeela normalizazio politikoa euskararen normalizazioa lortzen ez bada. "Herri baten normalizazioan gauza askok eragiten dute, eta tartean dago hizkuntza, hizkuntza komunikazioa tresna den heinean". Mendigurenek gogoratu du euskara erabiltzeko "gune erosoak" behar direla, "gure espazioa behar dugu, bestak baztertu gabe".

'Hizkuntz eskubideak, denon konpromisoa' kanpaina abian jarria duela Kontseiluak zehaztu du Mendigurenek. Kanpaina horren inguruan ekitaldi handia bat egitea aurreikusten dute Bilbon ekainerako. "Normalizazioaren bidean norbanakoa ezinbestekoa da, norbanakoa ordezkaezina da, eta norbanakoarengandik eratorri behar da konpromiso hori. Ondo dago instituzioei-eta ez dakit zenbat konpromiso eskatzea, baina norbanakoak ere paper garrantzitsua betetzen du", zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.