EUSKARA. Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu zutenen kopurua %30 hazi zen iaz

1.140 erakundek eta enpresak hartu dute euskararen aldeko konpromisoa Kontseiluaren bidez

Anakoz Amenabar.
GASTEIZ
2006ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Euskararen normalizaziorako bidean, 1.140 erakunde eta enpresak bat egin dute Kontseiluak abian jarritako Bai Euskarari ziurtagiriarekin. Iazko balantzeak erakutsi moduan, hazkundea nabarmena izan zen: %30 hazi zen ziurtagirien kopurua,2004ko datuekin alderatuta.

Bost urte dira Bai Euskarari egitasmoa aurkeztu zela, eta 2005a amaitzean 1.140 ziurtagiri banatu dira Euskal Herri osoan. Ziurtagiriekin batera «milaka herritarrek konpromisoa» hartu dutela nabarmendu zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak atzo. «Euskararen normalizaziorako hau da bide bakarra, toki bakoitzean erabileraren aldeko erabaki horiek hartu eta betetzea».Ziurtagiariarena Kontseiluarentzat lan ildo garrantzitsua dela adierazi zuen Mendigurenek eta hemendik aurrera ere mailari eutsi behar zaiola gogoratu: «Hazkunde garrantzitsua izan da azken urtekoa, eta etorkizunera begira baikortasunez betetzen du Kontseiluan lanean ari diren guztien itxaropena».

Konpromiso mailak

Euskararekiko erabilera eta konpromiso desberdinen arabera hiru maila ezberdintzen direla gogoratu zuen Rober Gutierrez Bai Euskarari ziurtagiriaren arduradunak. Bidean izenekoa da lehendabiziko urratsa, Guk zerbitzua euskaraz bigarrena eta Guk zerbitzua eta lana euskaraz hirugarrena. Azken honek euskararen erabileraren goreneko maila erakusten du, eta dagoeneko 117 erakundek lortu dute.

Kopurua garrantzitsua izanik, erakunde eta enpresa bakoitzaren konpromisoa garrantzitsuagoa dela azpimarratu zuen Gutierrezek. «Ezin dugu ahaztu egiten duten lana. Langileen euskalduntzea, bezeroekiko harremanak euskalduntzea edota enpresen irudiak euskaraz jartzea daude tartean».Hala, azken bi urteotan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa izan dela gogoratu zuen Gutierrezek, ia 400 enpresarekin. Sektoreei dagokienez, saltoki, enpresa eta hezkuntza arloan izan du igoera nabarmenena.Kontseiluaren baliabideak mugatuak direla gogoratu zuen arren, aurtengo helburu nagusia «erronkari eustea» eta arlo soziekonomikoan lan nabarmena egitea dela aipatu zuen. Baliabideak baliabide, prozesu luze baten hasiera baino ez dela gogoratu zuen Mendigurenek: «Oraindik asko daukagu egiteko baina era berean baikortasunez ikusten dugu azken urte honetako hazkundea. Indar asko, baliabide asko erabili beharko ditugu horretarako, baina itxaropentsu gaude».

Ziurtagirien bilakaera eta banaketa



BILAKAERA



2000. urtea: 231 ziurtagiri.

2001. urtea: 311 ziurtagiri.

2002. urtea: 329 ziurtagiri.

2003. urtea: 604 ziurtagiri.

2004. urtea: 795 ziurtagiri.

2005. urtea: 1.141 ziurtagiri.

SEKTOREAK



Komertzioa, ostalaritza, merkataritza guneak: 429.

Lan mundua: 119.

Hezkuntza: 110.

Kultura: 87.

Gizarte mugimenduak: 83.

Finantzak, aseguruak: 79.

Zerbitzu orokorrak, garraioak: 79.

Kirola: 60.

Osasuna: 29.

Komunikazioa: 25.

Nekazaritza, arrantza: 20.

Elkargo profesionalak: 13.

Administrazioa: 8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.