EUSKARA BATUAK 50 URTE

Euskara batuaren "bidegile guztiak" gogoratuz hasi dute Arantzazuko biltzarra

Hiru eguneko lansaioa egingo du Euskaltzaindiak Arantzazun, 1968ko biltzarraren urteurrenean. Urteotan egindako ibilbideari erreparatuko diote, bai, baina batez ere aurrera begira jarri nahi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urriaren 4a
20:03
Entzun

Martxan da Euskaltzaindiaren hamazazpigarren kongresua. Arantzazuko Gandiaga topagunean egingo dituzte saioak larunbatera bitartean. Agintarien harrera ofizialarekin hasi dute ekitaldia: bertan izan dira Mikel Biain Oñatiko alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Haiekin batera, Laboral Kutxako ordezkariak ere izan dira, ekitaldiaren babesle gisa, eta Arantzazuko frantziskotarren ordezkari gisa izan da Paulo Agirrebaltzategi.

Euskara batua sortzeko prozesuan parte hartu zutenak gogoratuz hasi dute ekitaldia. Markel Olano ahaldun nagusiak goraipatu egin du “bidegile guztiek” egindako ekarpena: euskara estandarra “adosten eta gauzatzen” jakin zutela nabarmendu du. Zupiria sailburuak bereziki goraipatu du Luis Villasante frantziskotarraren ekarpena: “Arantzazuko biltzarra egin eta bi urtera Euskaltzaindiaren gidaritza hartu zuen, eta haren ardurapean eman zituen batuak pausorik handienak. Asko zor diogu”.

Agirrebaltzategik ere gogoan izan du Villasante frantziskotarra: “Lemazain zuhurra eta eraginkorra izan zen”. Euskara batua sortzeko prozesuak Arantzazurekin izandako loturaz aritu da. 1956an gerra osteko lehen kongresua Arantzazun egin zuen Euskaltzaindiak. Agirrebaltzategik gogoratu du bilera hartan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren gutun bat irakurri zutela; euskara batua sortzeko eskaria egin zion Txillardegik akademiari orduan.

Erakundeetako ordezkaritza zabala bildu da hasierako ekitaldian, eta euskalgintzako eragile ugaritako kideak ere bai. Tartean, jakina, euskaltzain gehienak.

Azken hamarkadetako bilakaera aztertuko dute, bai, jardunaldian, baina batez ere etorkizunari begira jarri nahi dute, Andres Urrutia euskaltzainburuak ohartarazi duenez. “Etorkizuna dugu kezka”. Zupiriak eta Olanok ere nabarmendu dute euskarak erronka handiak dituela aurrean. Olanok erabileraren gaiari heldu dio, “bidegurutzea” iritsi dela berretsita: “Bi aukera ditugu: edo hizkuntza komunitate gisa egungo deserosotasun erosoan jarraitu, erabilera makaltzen ari den bitartean; edo bultzada berri bat eman erabilerari, erronka kolektibo bat hartuta”.

Harrera ofizialaren ondoren, martxan dira hitzaldiak. Goizeko lansaioetan, euskara batuaren sorrera eta ibilbidea izan dira aztergai. Arratsaldean, berriz, bi ildo: beste hizkuntza batzuen estandarizazio prozesuak aztertuko dituzte, eta hedabideetan eta arlo digitalean dituen erronkak. Jardunaldiak zuzenean ematen ari da BERRIA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.