«Euskararen normalizazioa lortzea bada helburua, Euskararen Erakunde Publikoak eragileentzat osatu duen aurrekontua ez da aski», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Baina dirua ez ezik euskararen normalizazio prozesuak osagai politikoa ere ukan behar duela erran du. Ez du baloraziorik egin nahi izan eragile bakoitzak lortu duen laguntza bidezkoa den edo ez. Euskararen beharrak kontuan harturik aurrekontuak ez dituela beharrak asetzen jakinarazi du, eta, ondorioz, ez dela egokia.
Urte luzeetan herri mugimenduak eta euskalgintzako gizarte eragileek euskararen alde egindako lan eskerga ekarri du gogora Bilbaok. Egindako lana izugarria izan bada ere, oraindik ez da lortu euskal hiztunen apaltzea gelditzea. Egoera horren argira, euskarak baliabide gehiago behar dituela azpimarratu du Bilbaok. Jasotzen diren laguntzak ez direla aski dio, eta horren adibide gisa azaldu du gero eta gehiago direla eragileek aurkezten dituzten xedeak, bertan behera gelditzen direlako laguntzarik ezean.
Euskararen aldeko funtsetik banatu diren laguntzen baloraziorik ez du egin nahi, haren iritziz, arazoa egiturazkoa delako. Aurrekontu mugatua eta herri mugimenduen jarduna sostengatzeko borondate politiko ahula ikusten du. Edozein diru laguntza banatzeko orduan xedeak duen balio estrategikoa eta bertzeekin erkatuz ukan dezakeen lehentasuna aztertu behar direla azaldu du. «Laguntzen adjudikazioa hizkuntza politika eraginkor batean kokatu behar da, eta hori egiten ez den bitartean zaila izanen da bidea ongi jorratzea».
Irizpideetatik hasita
Euskalgintzako gizarte eragileek prentsaren bidez ukan dute diru laguntzen berri, eta ez dute horiek EEPrekin eztabaidatzeko paradarik ukan. «Ez ditugu ezagutzen diru banaketa egiteko irizpideak, eta horiek argitu ezean, ezinezkoa da balorazio zuzena egitea», adierazi du Hur Gorostiagak Euskal Konfederazioaren izenean. Irizpide horiek ukan ezean azterketarik ezin dela egin azaldu du. Horren haritik, nabarmendu du hizkuntza politika eraginkorra egin nahi bada funtsa anitzez handiagoa izan beharko dela.
Diru faltaren adibide gisa aipatu du aurtengo aurrekontua iazkoaren parekoa dela. Biziaren prezioak eta inflazioak gora egin arren aurrekontua aurten ez dela emendatu azpimarratu du. «Hori baino ez bada ere, iazkoarekin erkaturik dirua galdu dugula ikus daiteke».
Proportzioan dagoen galera horrek kezka eragiten duela erran du, eta aurten hainbat elementuk eragin dute kezka, hala nola hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamenak ez onartzea, irakasleen esleipenetan izandako apaltzea edo baxoa euskaraz egiteko aukerarik eza. «Urteak pasatzen ari dira, eta kezkak handitzen, denbora pasatzen ari delako eta gure hizkuntza galtzen segitzen dugulako». EEP «urrezko denbora» galtzen ari dela gaineratu du Gorostiagak.
Euskara bultzatzeko diru laguntzak ez direla aski nabarmendu du Kontseiluak
Diru banaketa egiteko irizpideak oraindik ez dituztela ezagutzen berretsi du Euskal Konfederazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu