EUSKARA

Euskara bultzatzeko laguntzak kendu dizkiete Nafarroako udalei

Uemako udalerriek salatu dute Nafarroako Gobernuak plangintza bat duela euskararen «hedapena» eremu publikoan geldiarazteko. Diru faltari aurre egin eta euskara zerbitzuei eusteko asmoz, ahaleginetan ari dira udalak. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2064/[/Berriatb]  

Oihan Vitoria.
2014ko martxoaren 13a
07:36
Entzun

Euskal herritarren hizkuntza eskubideen kontrako hamaikagarren «erasotzat» jo dute. Egoera, oro har, «jasanezin» bihurtzeko bidean dela aitortu dute; alegia, «itotzear» dagoela. Eta euskararen «hedapenari» bizkarra eman diezaioketela dakiten arren, argi utzi dute ez dutela horren garaiz etsiko. Diotenez, «sekulako ahaleginak» ari dira egiten administrazioan euskara zerbitzuak bermatzen jarraitzeko. Hori bai, babesik eta laguntzarik gabe. «Kezka eta haserrea» agertu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dauden Nafarroako hamalau herrietako udal ordezkariek. Leitzan elkartu ziren atzo batzarra egiteko, baina UPNren gobernuak euskara sustatzeko diru laguntzetan egindako murrizketak ere izan zituzten hizpide.

Berako Euskara zinegotzi eta Uemaren zuzendaritza batzordeko kide Jon Abrilek ohartarazi du «gainbehera etengabean» daudela: «Iaz, diru laguntzarik gabe utzi gintuzten euskara zerbitzuetako egitasmoak garatzeko. 2014rako aurreikuspena ere bera da: sosik ez jasotzea». Eneka Maiz, Etxarri Aranazko Euskara zinegotzia, bat dator: «Garai batean gutxieneko kopuru jakin batzuk bermatzen zizkiguten. Urtetik urtera, ordea, laguntzak gutxituz joan dira, erabat desagertu arte». Horren atzean Nafarroako Gobernuaren plangintza «zehatz bat» dagoela uste dute, euskara eremu publikotik aldentzea xede gisa duena. «Atzerriko hizkuntzak goratu eta euskararen izen ona zikindu nahi dute», salatu du Maizek.

Abrilek «lotsagarria» deritzo gobernuak azken bi-hiru urteetan izan duen jarrerari. Baina ez soilik Yolanda Barcina presidentea agintean dagoenetik. «Lehen ere bazegoen hizkuntz politikarako geroz eta diru gutxiago erabiltzeko joera. Hala ere, Barcina presidentea denetik, arazoak areagotu egin dira». Berako zinegotziak gogora ekarri du euskara ez dela inoiz gobernuaren lehentasuna izan. «Betitik jarri ditu eragozpenak». Egungo egoerak, aldiz, mugak gainditu dituela adierazi du.

Orain arte jaso ohi dituzten laguntzak galtzeaz gain, gobernuaren eguneroko jokaeraz kritiko mintzo dira. «Hainbat dokumentu ele biz nahi ditugula eskatuta ere, erantzun txarrak jasotzen ditugu. Ez dago inolako komunikaziorik ez euskara hutsean, ez ele bitan. Sekulako atzerapausoa jasaten ari gara; aurretik gaizki geunden, baina are okerrago gaude orain», azaldu du Abrilek.

Nafarroako Gobernuari, gainera, euskararen inguruko foru legea «urratzea» egotzi diote. Euskara hizkuntza ofiziala den heinean, legeak eskubidea aitortzen die herritarrei goi administrazioetan «nahi duten erara» aritzeko. Legea «irmoki» ez betetzea eta «errespeturik eza» leporatu diote.

Errenkan ari dira udalak. Eta haien egoera «larria» bada, ez da hobea euskalgintzako gainontzeko eragileena ere. Maizen arabera, Nafarroako Gobernuak euskararen «zabalkundea» eten nahi du, eta «krisiaren aitzakian», alor anitzi kalte egin die. «Hedabideetan hasi, D ereduko ikastetxe eta euskaltegietatik igaro, eta udaletaraino heldu da», dio Berako zinegotziak. Eragin «zitala» du horrek, Abrilek azaldu duenez. Izan ere, euskara zerbitzuei eusteko diru ekarpen handiagoak egiten hasiak dira udalak, gobernuak lagatako «hutsunea» betetzeko.

Iturri txikia, karga handiagoa

Etxarri Aranatzen ere «diru iturria» txikitzeak euskara zerbitzuak mantentzeko «gainkarga handitzea» ekarri du. Hartara, Maizek dio «sekulako ahalegina» egiten ari direla hizkuntz politikekin jarraitzeko. Harian-harian, baina «elkar hartuta» ari dira: «Krisiaren aitzakiapean, euskararekin lotutako alor oro gaude kalteturik; era batera edo bestera. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun Uemaren izenean bat egitea. Finean, udalak baikara politika ausartenak lantzen ari garenak».

Uemaren zuzendaritza batzordeko kide modura, Abril eta Maiz lanean ari dira epaitegi, liburutegi eta osasun etxeetan euskarazko zerbitzuak bermatzeko. Horren haritik, hizkuntz politika «sendo» bat abiatzeko exijitu diote gobernuari, eta «premiazkotzat» jo dute hizkuntz eskubideen «urraketak» errotik moztea. Halaber, hilaren 22an Iruñeko karrikak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.