Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian euskara dakitenen %70ek etxean erabiltzen dutela dio Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat). 2001eko biztanleriaren eta etxebizitzaren errolda egin du Eustatek, eta bertan euskararekin zerikusia daukaten hainbat datu adierazgarri eman ditu. Besteak beste, euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai zirela 656.980 lagun. Etxean egunero euskaraz bakarrik jarduten zutenak 284.084 ziren, 1996an baino 2.008 gutxiago. Baina etxean euskara eta gaztelania erabiltzen zutenak 459.241 ziren. Hau da, euskaraz zekitenen hamarretik zazpik erabiltzen zuten etxean.
1996an baino 20.000 lagungehiago euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai ziren 2001ean, baina egunero euskara erabiltzen zutenen biztanleen batez bestekoa ez zen aldatu. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpi biztanletik batek erabiltzen zuen euskara. Halaber, gipuzkoarrak ziren euskara gehien erabiltzen zutenak (%41). Bizkaitarrek (%14,9) eta arabarrek (%5,4) nabarmen gutxiago jo zuten euskarara.
Hiriei dagokienez, Gasteizen 1996. urtean baino %9,8 euskaldun gehiago zegoen 2001ean, Donostian %6,5 gehiago eta Bilbon %4,5 handitu zen euskaldunen batez bestekoa. Ia-euskaldunen kopuruak ere galanki egin zuen gora hiru hiriburuetan: %25 Gasteizen, %9 Donostian eta %10 Bilbon. Datu ezkorrak ere agertzen dira Eustaten azterketan. Bilbok, adibidez, 3.000 euskal hiztun galdu zituen bost urtean.
Herritarren %55ek dakite euskaraz
Bestalde, 2001. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen erdiek baino gehiagok (%55,4) euskara zekitela dio Eustatek. Hazkundea handia da, hamar urte lehenago %46koa zelako batez besteko hori. 1981. urtean, adibidez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleen %36k bakarrik zekiten euskara. Hala ere, horietan bi hiztun talde bereizi behar direla gogoratu du estatistika institutuak. Euskaraz ondo ulertu eta hitz egiten zutenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %32,3 ziren. Halamoduz ulertzen zutenak eta hitz egiteko zailtasunak zituztenak, berriz, biztanleen %23,1 ziren.
Azpimarratzekoa da Araban izandako hazkundea, 1996an baino %11 gehiagok zekitelako euskara 2001ean. Bizkaian eta Gipuzkoan %2koa izan zen hazkundea. Era berean, gipuzkoarren erdiak euskara ulertu edo hitz egiteko arazorik ez zeukaten 2001ean. Lau bizkaitarretatik batek eta sei arabarretatik batek euskara menperatzen zuten.
EUSKARA
«Euskara dakitenen %70ek etxean erabiltzen dute EAEn», dio Eustatek
Eustatek jakinarazitako datuen arabera, biztanleen %55ek zekiten euskaraz 2001ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu