'BERRIA' egunkaria argitaratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) zertan den eta 2004. urteak eman duenaren berri jasotzeko aukera dute gaur EKTren akziodunek. Izan ere, batzarra egiten ari dira, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kulturgunean. Han, EKTko Administrazio Kontseiluak urteko kontuen eta kudeaketaren berri ematen ari da.
EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakari Joxean Lizarribarrek gogoeta egin du, eta oraindik ere erronka handiak daudela azpimarratu du. Alde batetik, euskarazko komunikabideen artean "indarrak biltzea" egokia izango litzatekeela esan du, eta EKTk ahalegin guztiak egingo dituela azpimarratu du, "sektorea indartze aldera".
Bestalde, instituzioei zuzendu zaio, eta bi gogoeta egin ditu. Alde batetik, osatzen ari den Jaurlaritza berriari euskara eta euskal prentsa lehentasunez hartzeko eskatu dio, eta bestetik, EKTren elkarlanerako eskaintza egin dio instituzio guztiei. "Gu prest gaude sektore osoarekin eta instituzioekin batera lanean aritzeko, jakinik elkarlanak mesede egingo diola sektoreari eta indarrak bilduz euskararen berreskurapenerako bidea egingo dugula", esan du.
Deialdi zabala
24.000 akziodun baino gehiago daude deituta batzarrera, EKT sortzeko prozesuan kapitala jarri zutenak, hain zuzen. Guztira 4.595.900 euro bildu ziren hasierako kapital biltzean, hau da, ezarritako helburuaren %92. 5.000.000 eurora iritsi ahal izateko jarri zen martxan 2004ko irailean lehen kapital handitzea. Kapital handitze hori ez da 2005eko iraila arte itxiko; ondorioz, orain akzioak erosi dituztenak, legez, ez dira EKTko akziodun izango ordura arte eta hori gertatu arte ez dute boto eskubiderik izango. Dena den, batzarra guztiei irekita dago eta, beraz, 2004ko irailetik hona akzioren bat erosi dutenek ere batzarrean parte hartzeko aukera dute.
Urrats sendoak 2004ean
Batzarraren lehen puntuetan 2004. urteak eman duenari erreparatuko zaio. Balantze ekonomikoarekin batera, enpresaren kudeaketa aurkeztuko da.
EKTren esanetan, proiektua abian jartzeko izan zen 2003. urtea eta sendotu eta haztea izan da 2004. urteko xedea. Zentzu horretan, enpresa egonkortzeko bidean, urrats sendoak egin ditu EKTk 2004. urtean.
'BERRIA' egunkariari dagokionez, ona izan da 2004. urtea: euskarazko egunkari batek inoiz izan duen irakurle kopuru handiena bildu du Berriak 2004an. Komunikabideen audientziak neurtzen dituen Cies enpresaren arabera, batez beste 65.000 irakurle izan ditu Berriak Hego Euskal Herrian: Gipuzkoan 29.000 irakurle, Bizkaian 24.000, Nafarroan 9.000 eta Araban 3.000. Berriaren webguneari dagokionez, (www.berria.info) 46.000 lagunek bisitatu dute.
Irakurle kopuru horiei eutsi eta etorkizunean euskarazko prentsaren irakurle potentzialak 'BERRIA'-ra erakartzeko, eskaintza informatiboa zabaltzearen aldeko apustua egin du EKTk. Zentzu horretan, bi dira 2004. urtean abiatu diren produktu berriak: 'Egitura' ekonomia gehigarria eta 'Matraka' gazte aldizkaria. 'Egitura' gehigarria urtarrilaren 24an hasi zen argitaratzen: sepia koloreko 16 orrialdeko gehigarria da eta igandero-igandero argitaratzen da. Euskal Herrian ekonomiari buruz argitaratzen den euskarazko gehigarri bakarra da.
'Matraka' gazte aldizkaria, berriz, 2004ko urriaren 20an banatu zen lehendabiziko aldiz Berriarekin. Asteazkenero banatzen da egunkariarekin batera, eta ostegunetan Euskal Herriko unibertsitate eta lanbide heziketako zentroetan 50.000 ale banatzen dira doan astero.
Tokian tokiko herri komunikabideei dagokienez ere, urte oparoa izan da EKTrentzat igaro berri dena. Bi eskualde egunkari berri jarri dira abian: 'Urola Kostako Hitza' eta 'Goierriko Hitza'. Horrezaz gain, orain arte Tolosaldean banatzen zen 'Hitza' Leitzaldean ere banatzen hasi da. Beraz, bi 'Hitza' horiekin bost dira 2004. urtea arte Euskal Herriko zenbait eskualdetan kaleratzen diren 'Hitza'-k: Tolosaldea eta Leitzaldea, Oarsoaldea, Lea-Artibai eta Mutriku, Urola kosta eta Goierri. Halaber, Berriaren eskutik egin den kultur eskaintza ere nabarmendu nahi izan du EKTk. Lau produktu kaleratu dira: Gezurra ari du liburua, Zinema etxean DVD bilduma, Sei hiri, sei Italia liburua eta Euskalkien Mapa.
Egitasmoak
Dena den, urteak eman dituen emaitzak aztertzea bezain garrantzitsua da urteak eman dezakeena aztertzea. Horregatik, 2005eko kudeaketa plana eta aurrekontuak ere aurkeztu zaizkie akziodunei. Horiez gain, Administrazio Kontseiluaren osaketari buruz hitz egingo da eta, azkenik, galde-eskeen txanda izango da.
EKT-ko akziodunen urteko batzarra
Euskara eta euskal komunikabideak lehentasunez hartzeko eskatu dio EKTk Jaurlaritza berriari
Osatzen ari den Eusko Jaurlaritza berriari eskari zehatza egin dio EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakari Joxean Lizarribarrek: euskara eta euskal komunikabideak lehentasunez hartzeko. Beraz, euskal komunikabideen egoerak hobera egin dezan lana egiteko ere galdegin die. Era berean, "euskarazko komunikabideen artean indarrak biltzea" ona litzatekeela ere gaineratu du. 'BERRIA' egunkaria argitaratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) akziodunen urteko batzarrean egin ditu eskari horiek, Lizarribarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu