"Bide luzea daukagu euskara ere, zerbitzu hizkuntza ez ezik, ohiko lan hizkuntza izatera heltzeko". Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ildo horretan finkatu du 2013-2017 urte bitarteko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren erronka nagusia, 2008-2012 aldirako planaren azterketa egin ondoren. Uriartek nabarmendu du herri administrazioak "duela hogei eta duela bost urte baino elebidunagoak" direla, eta euskararen presentzia eta erabilera ere handitzen ari dela. Ordea, administrazioan euskara eta gaztelaniaren arteko harremana "oso desorekatua" dela aitortu du.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere 2008-2012 urte bitarteko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren bi irakurketa egin ditu, lorpenak eta hutsuneak zehaztuz. "Aurrerakada nabarmena egon da langileen nahiz erakunde publikoen ordezkarien euskararen ezagutzan, baina aurrerakada apala, ez ahal eta behar bestekoa, euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan”. Hutsuneak hutsune, planak "betetze maila altua" izan duela azaldu du Baztarrikak.
86/1997 Dekretuaren arabera Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak honako instituzio publikoetan eragiten du: Udaletan, mankomunitate, kuadrilla eta partzuergoetan, Foru Aldundi eta Batzar Nagusietan, Eusko Jaurlaritza eta beraren erakunde autonomiadunetan, Eusko Legebiltzarrean eta Arartekoan, EHUn, Herri Kontuen Euskal Epaitegian, Lan Harremanen Kontseiluan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan eta Uraren Euskal Agentzian. Hain zuzen ere, erakunde horiei bidalitako galdetegietan oinarritu da gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako balorazioa.
Planaren balorazioa egiterakoan azaldu du 2008-2012 epean euskararen erabilera normalizatzeko 110 plan onartu direla. "Hazkunde ikaragarritzat" jo du datu hori Baztarrikak, eta gehienak Arabako kuadrilla eta udalerrietan izan direla gaineratu du. Gaur egun herri administrazioen %81ak erabilera plana onartu dute.
Administrazio publikoaren hizkuntza eskakizunen betetze mailari dagokionez jakinarazi du lanpostu guztien %54,5ak derrigortasun data ezarria duela, eta lanpostu horien %82,4an egiaztatuta dagoela langilearen —titularraren edo behin-behinean dagoen langilearen— hizkuntza eskakizuna. Erakunde ordezkarien euskararen ezagutzari dagokionez bi heren baino gehiago euskara ulertzeko eta euskaraz hitz egiteko gai dira. Ordea, euskaraz lan egiteko gai direnak %54a dira. Datuak batez bestekoak direla azaldu du Baztarrikak, eta administrazio batetik bestera aldeak daudela gaineratu.
Langileen prestakuntza ikastaro gehienak, hirutik bi, gaztelaniaz ematen dira. Tresna eta aplikazio informatikoei dagokionez 4.000 inguru daudela azaldu du, eta horien erdia euskaraz erabili daitezke.
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeca Uberak 2008-2012 aldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren balorazio ezkorra egin du, herritarren "hizkuntza eskubide guztiak ez daudelako bermatuta". "Euskararen alorrean legea betetzea ahaztu egiten zaigu; urtetan falta izan dugu horren kontrola, horren jarraipena". PSE-EEko Idoia Mendiak arreta jarri du euskara lan-hizkuntza bihurtzeko egin beharreko ahaleginetan, eta datorren planak ildo horretan lan egin dezala eskatu. PPko Iñaki Oiartzabalek positiboki baloratu du plana, eta berretsi du euskarak aurrera egin behar duela hiritarrekin batera, "hizkuntza aukeraketa askatasunez egiten dela baldintzatu gabe
Euskara
Euskara herri administrazioetan "aurrera", baina lan hizkuntza izan gabe
lV. Plangintzaldiko (2008-2012) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren amaierako ebaluazio txostena aurkeztu dute Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu