Batzuek neurriz gaineko garrantzia eman nahi diote euskarari», esan du Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaltzeko zer dela-eta kendu dioten garrantzia euskara jakiteari Osakidetzaren hurrengo lan deialdi publikoan. Espainiako profesionalei atea ireki nahi dietela gaineratu du Bengoak, kanpokoen ekarpenik gabe herri bat «pobretzen joaten» dela sinetsita daudelako.
Baliteke horrela izatea. Kontua, ordea, hauxe da: zergatik ez zabaldu atea Europa —edo mundu— osoko profesionalei? Bada, Osakidetzako azterketa hori egiteko gaztelania jakitea derrigorrezkoa delako. Eta horrek, huts-hutsean, behera botatzen du Jaurlaritza berriak euskararen aurka hasitako bidearen argudiatze guztia. Osasun profesional txinatar, alemaniar, estatubatuar eta hungariarrek ez dute tokirik Osakidetzan —munduko onenak izanik ere—, gaztelania ez dakitelako. Zenbat pobretzen da gure osasun sistema horregatik?
Espainiako profesionalei atea irekitzea bidezkoa da, jakina, beste edozein herritakoei bezala, baina baldintza bat bete beharko lukete: herri honetako berezko hizkuntza jakitea edo ikasteko konpromisoa hartzea.
Jaurlaritzaren jokaldia argia da, eta ez dator bakarrik. Osakidetzan euskarak duen toki apurra areago gutxitzea. Eta ondo dakigu zeintzuek ordainduko duten: osasun publikoaren atea egunero-egunero jotzen duten milaka euskal hiztunek —haietako asko, gainera, euskaldun elebakarrak: umeak, esaterako—. Haiek, legez, euskarazko arreta jasotzeko eskubidea dute osasun arloan ere. Baina Osakidetzak kontratatzen dituen mediku eta osasun profesionalek euskaraz ez badakite, ondorioa badakigu zein izango den: gaztelaniaz egitera behartuta egongo dira. Eta, kexatzen badira, «hizkuntzaren talibanen» multzoan sartuko dituzte, berriki Legebiltzarreko eztabaida batean Antonio Basagoiti PPko presidenteak erabilitako kalifikatiboa aipatzearren.
Moderazioaren jantzia azaldu nahi badute ere, PSE-EEko Jaurlaritzaren (edo PSE-EE eta PPko Jaurlaritza esan beharko genuke, akaso) hizkuntza politikaren nondik norakoa gero eta argiago ikusten ari da: Osakidetzan euskarak atzera egitea; lehen hezkuntzan, aurreneko aldiz, irakasle erdaldun elebakarrak kontratatzea; B ereduko ikasleei euskararen ezagutza egiaztatzeko ez eskatzea; kontsumitzaileen alorrean, enpresek erdaraz lanean jarraitzea, inolako zigorrikgabe; justizian, salbuespenezko kasu bakan batzuetan baino ez eskatzea euskara derrigorrean jakiteko…
Eta, egoera honetan, egin daiteke beste balorazio politikorik ere. Izan ere, Jaurlaritzaren behin-behinekotasuna agerikoa izanik —azken hauteskundeetako emaitzen ostean are eta gehiago—, hartzen ari diren erabakien larritasuna oraindik handiagoa da. Baina, gaizki pentsatzen hasita, beharbada horregatik ari dira horrela.
Analisia
Euskara, kontsulta gelatik at
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu