Adierazi dutenez, "zuzeneko arretan eta jendaurrekoetan" euskarazko jarduna sustatzen ahaleginduko dira, eta euskara lan hizkuntza izateko pauso "zehatzak, neurgarriak eta aurreragarriak" abiatuko dituzte. Plazara atera du Eusko Jaurlaritzak erakunde barruan euskararen erabilera normalizatzeko asmoz egindako bosgarren plan nagusia. Gaur goizean aurkeztu du Donostian Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, erakundeko beste hainbat arduradunen ondoan.
"Arau bat dugu sakratua dena, Moisesen taulako agindua balitz bezala bete nahi duguna", adierazi du Baztarrikak. "Herritarren hizkuntza aukera errespetatzea. Herritarrena da Jaurlaritza, herritarrei zor gatzaizkie, eta herritarrek dute Jaurlaritzako harremanetan euskara edo gaztelania aukeratzeko eskubidea". Helburu horren inguruan harilkatu dituzte plan honen xede nagusiak; 2017a bitarteko eginkizunak biltzen ditu.