Obra publikoetarako kontratazioak egiteko pleguetan euskarari lotutako baldintzak jartzea «legez kontrakoa» izateko «zantzu argiak» daude, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroaren esanetan. Atzo Donostian izan zen Gallardon, PPk antolatutako hauteskunde ekitaldi batean. Kazetariek galdetu zioten gaiagatik, eta hala erantzun zuen: estatuko abokatuak gaia ikertzen ari direla, neurria legez kontrakoa izan daitekeela iritzita. Zehaztu zuen, hala ere, abokatuek beren lana bukatu arte gobernuak ez duela besterik esateko edo egiteko asmorik.
Goizean egin zituen adierazpen horiek Gallardonek, eta arratsaldean bertan erantzun zion Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Lehendik onartuak zeuden irizpideak, legeak eta arauak aplikatu besterik ez dugu egin. Orain arte, batzuk ez dira aplikatu, eta guk aplikatu egin ditugu». 2009an diputazioko gobernu taldeak onartu zituen irizpideei erreferentzia egiten ari zen Garitano. Neurriak «gipuzkoar guztien hizkuntza eskubide guztiak bermatzea» lortu nahi du, haren hitzetan, ez gehiago. Legea «zorrotz» betetzen ari direla ere erantsi du.
EAJk ere galdetu zion gaiari buruz, atzo, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuari. Ika-mika handiena sortu da diputazioak kontratazio lehiaketa batetik kanpo utzi duelako enpresa bat, euskararen inguruan eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Antzuola eta Bergara arteko GI-632 saihesbidea eraikitzeko lehiaketan, diputazioak zehaztu zuen obra zuzendaritzako aholkularitza teknikoa osatu duten 11 lagunetatik bik Euskara Gaitasun Agiria behar zutela. Enpresa batek ez zuen baldintza bete, eta lehiaketatik kanpo geratu zen.
Ugartek azaldu du obra egingo den lekuko herritarren eta alkateen aurrean diputazioaren ordezkari izango direla langile horiek: «Guk azpikontratatuko dugu gure ordezkaritza, obraren aholkularitza teknikoa egiteko eta, beraz, iruditzen zaigu ezinbestekoa dela talde horretan euskaldunak egotea». Euskararen normalizazioaren bidean «azeleragailua sakatzeak» ez diola inori kalte egingo ere erantsi du, «ez euskaldunei, ez euskaldun ez direnei».
Hain justu, Antzuola eta Bergara arteko errepide horren lehiaketako baldintzak aurkeztu zituen atzo Ugartek. Ez dira izango euskararen ingurukoak eskakizun bakarrak. Gipuzkoako eraikuntzako eta lan publikoetako hitzarmen kolektiboa ezartzea eta azpikontratazioak mugatzea ere eskatuko dute.
Berdintasuna ere, baldintza
«Baldintza sozial» batzuk ere eskatuko ditu diputazioak: gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bultzatzeko neurriak eta berdintasun planak indarrean edukitzeko ere eskatuko diete enpresei. «Baldintza horiek guztiak ere derrigor bete beharrekoak dira, eta enpresek zigorrak jasoko dituzte bete ezean», jakinarazi du Ugartek.
Euskara lehenesteko neurriak ikertzen ari da Madril
Enpresei baldintza gisa euskara eskatzea legez kontrako dela uste du; eskubideak bermatzen ari direla dio Garitanok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu