Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egin du azterketa, Hezkuntza Sailak hala eskatuta. Joan den urteko azaroan egin zuen, eta 6. mailako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.599 ikasleri egin zien galdeketa. Ikasleen irakurmena, entzumena, ahozko ulermena eta mintzamena neurtu dituzte azterketan. Dena den, mintzamenean 308 ikasle ebaluatu dituzte, guztiekin egotea «zoramena» izango zelako, ISEIko zuzendari Josu Sierraren hitzetan.
B1 mailak ikasgaiak euskaraz ikasteko hizkuntzaren ezagutza bermatzen du. Frantzian atzerriko hizkuntzarako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren (DBH) amaieran eskatzen den maila da. Ingeleseko PET proban bezala, B1 froga gainditzeko, neurtu den alor bakoitzean galderen %70 ondo erantzun behar ziren.
Orain hiru urte, B2 mailako azterketa egin zien Jaurlaritzak 15-16 urteko ikasleei; hau da, exijentzia handiagoko proba zen, ikasleak ere helduagoak zirelako. Orduko emaitzak errepikatu dira orain, gutxi gorabehera, nahiz eta orain emaitza hobeak lortu diren. «Dena dela, ziur gaude ikasleek azterketa prestatzeko aukera izan balute emaitzak askoz hobeak izango liratekeela», azpimarratu zuen Camposek. Haren hitzetan, eta azterketa gainditu ez dutenek izan dituzten emaitzak kontuan izanda, D ereduko ikasleen %93k gaindituko lukete proba eta B ereduko %51k gutxienez. Azterketa prestatzeko aukera nahikoa izanda ere, A ereduko emaitzak ia ez lirateke aldatuko, haren iritziz.
EREDUAK ETA EUSKARA. Emaitzetan eragina izan dezaketen aldagaiei begiratzen hasita, ikaslearen sexuak, etxeko egoera sozioekonomikoa eta bestelakoak ez dutela zerikusi handirik ondorioztatu dute ISEIk egindako azterketan. Eragina duena, eta handia gainera, euskararekin ikasleak daukan harreman denbora da. Horrek etxean euskara ez hitz egitearen aldagaia ere estal dezake. Hau da, zenbat eta denbora gehiago egin euskara inguruan dutela, orduan eta emaitza hobeak lortzen dituzte ikasleek.
Orain dela hiru urteko azterketaren ondorioak azaltzean, ereduen sistemak huts egiten zuela aitortu zuten garai hartako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek. Bide beretik jo zuen atzo Tontxu Camposek, eta atzo aurkeztutako azterketa horren adibide jarri zuen. «Ereduen sistema gainditu beharra dagoela erakusten du honek. Horregatik jarri dugu euskara hizkuntza nagusi gisa prestatu dugun curriculumean».