Bezperan hartutako irizpideari eutsi dio Nafarroako Auzitegi Nagusiak gaur argitaratutako ebazpen batean. Alde batetik, atzera bota du Afapnak, Medikuen Sindikatuak eta Satsek euskara dekretuaren aurka jarritako salaketa —dekretu osoa indargabetzeko eskatzen zuten—, baina, aldi berean, dekretuaren puntu nagusiaren aurka egin du, esanez euskara meritu gisa aintzat hartzea ezin dela betebehar izan eremu misto eta ez-euskaldunetako lan deialdietan.
Lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten zituzten artikuluen aurka egina zuen Afapnak helegitean, baina auzitegiak "ahula eta nahasia" iritzi die aurkeztutako argudioei, eta azaldu sindikatuak ez duela frogatu zein diren artikulu horrek urratzen dituen eskubideak. Aretoaren arabera, lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten dituen artikulua bat dator euskararen foru legearekin eta konstituzioarekin, lanpostu kopurua hizkuntz eremuen helburuen arabera zehaztu behar delako.
Medikuen Sindikatuaren eta Satseren kasuan, 27. artikuluaren aurka egin dute, iritziz eremu euskaldunean hizkuntzaren merituari ematen zaion grrantzia "gehiegizkoa" dela, eta horrek "mugatu" egiten duela euskaraz ez dakitenek lanpostua lortzeko dituzten aukerak, "merituen eta gaitasunen arteko berdintasun printzipioa urratuz".
Baina bigarren kasuan ere atzera bota dute salaketa argudiatuz sindikatuek ez dutela proportzionaltasunik ezaren frogarik aurkeztu. Dena den, eta bi kasuetan auzitegiek berretsi dute euskarak ez lukeela meritu izan behar eremu misto eta ez-euskaldunetako lan eskaintzetan. Nafarroako Auzitegi Nagusiak bat egin du eskuinarekin eta esan du halakorik onartzea "baztertzailea" eta "neurrigabea" litzatekeela.