Asteburuan Zestoan (Gipuzkoa) egindako batzar nagusian aurtengo egitasmoei oniritzia eman die Uemak. «Mankomunitatea gidatzeko estiloak eta proposamen berriek markatuko dute urtea», azaldu du Uemak. Horren adibidetzat jarri du zuzendaritza berrian dagoen alderdien aniztasuna. EAE-ANV, EA, Aralar eta independenteak ordezkatuta daude zuzendaritzan. EAJri dagozkion eserlekuak bideratzeko «ahalegin guztiak» egingo dituela gaineratu du Uemak.
EAJko ordezkariek alde egin zuten zuzendaritza aukeratu zen bilkuratik -iazko urriaren 27an-, eta ez zituzten hartu zegozkien hiru postuak.
ERABILERA PLANAK. 2008an, udaletako euskararen erabilera planak eta ebaluazioak amaitu, eta haiek betearazteko hartu behar diren neurri komunak jorratzea izango da Uemaren lan «nagusia». Udaletako hornitzaile nagusiekin ahalegina egingo du euskaraz jardun dezaten.
Aldi berean, mankomunitateak urratsak egingo ditu udalekin harreman handiena duten erakundeekin harremanak normalizatzeko, besteak beste, INEM, Gizarte Segurantza, ur partzuergoak, foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza... Aurten «ahalegin berezia» egingo du Uemak Gizarte Segurantzarekiko harremanetan erabiltzen den RED -Agiriaren Bidalketa Elektronikoa- sistema euskaraz ere egon dadin.
Mankomunitatearen helburu nagusia erdarek betetzen dituzten funtzio guztiak euskararentzat eskuratzea da. «Uemaren zeregina hau da: udalerri euskaldunetako bizitza soziala herriko sektore guztietan -etxean, lagunartean, kalean, administrazioan, merkataritzan...- euskaraz egin ahal izateko bideak zabaltzsea».
arLOz arLo
Euskara gizarteko sektoreetan sustatzeko, esparru hauetan ahaleginduko da Uema heldu diren hilabeteotan:Merkataritza. Urte osoko doako zerbitzu orokorra eskainiko du mankomunitateak, eta ohiko bi kanpainak egingo ditu, ekainean eta azaroan.
Etorri berriak. Etorkinak euskalduntzeko plangintzak aurkeztuko dituzte udaletan. Etorkinentzako harrera plana eta herritartzeko ekintzak egingo dituzte: itzultzaile sarea eskura jarri, Heldu zerbitzu juridikoarekin harremanak finkatu, Gizarteratzelaguna proiektua landu...
Gazteak. Bi urtez behin Euskal Herriko SMS lehiaketa antolatzeko konpromisoari eutsiz, III. SMS Lehiaketa antolatuko du.
Kultur Elejira. Herrien etorkizun ekonomikoa ziurtatzeko xedearekin, udalerri euskaldunak bizirik mantentzea da Uemaren helburu nagusietako bat; alegia, herritarrek bertan geratzeko hautua egitea.Horretarako, leku atsegin bihurtu nahi dituzte udalerri euskaldunak. Horretarako, lana, zerbitzuak, etxebizitza, eskola eta beste hainbat zerbitzuak ez ezik, kultur eskaintza zabala izan behar dutela uste du mankomunitateak. Kultur Elejiraren bidez, Uemako herrietako artista, kirolari eta intelektualek sortzen duten lana ezagutarazi nahi dute. Modu horretan, hitzaldiak, antzerkiak, ipuin emanaldiak, kantaldiak, tertuliak eta beste hainbat ekitaldi antolatuko ditu Uemak.
Osakidetza. Jaurlaritzak osasun zerbitzuak euskalduntzeko plana onartu du, eta hainbat lanpostu sortuko dira udalerri euskaldunetan. Mankomunitateak planen jarraipena egingo du, lanpostuen hizkuntz profilak betetzen diren, besteak beste.
Uemaren eguna. Udaberri amaieran egingo dute, mankomunitatean sartu berriko udal batean.
Elkarlana. Herriko etxeen jardun eta elkarlanerako aukerak aztertuko ditu.
Partzuergoa. Herriko etxe eta euskalgintzarekin batera, hainbat arazori konponbidea emate aldera, partzuergo bat martxan jartzeko aukera aztertuko du.