Baikor izateko arrazoiak daudela uste du Eugenio Jimenezek, Oiongo San Bizente ikastolako irakasleak. Arabako ikastolen jaiak jendetza erakarri zuen igandean, Pradotik Armentiara arteko ibilbidean. Horrez gain, ehunka lagun joan ziren borondatez laguntzeko prest, Arabako Errioxan euskaraz ikasteko ekinbidea babesteko. Arabako hiriburuan eta Oionen euskara pizteko.
Antolatzaileen arabera, 30.000-40.000 lagun inguru bildu ziren ibilbidean. Emaitza hori larunbateko sentipenekin kontrajartzen dela azaldu du Jimenezek. «Larunbatean, egun osoa lanean pasatu ondoren, nahiko gogogabetuta geunden, eguraldia ikusita». Ordea, azken orduan euria bota bazuen ere, igandeko «aparteko eguraldiak» giro ona sustatzen eta jendea erakartzen lagundu zuela uste du.
Horrez gain, San Bizente ikastolako arduradunak harrituta agertu dira borondatez lana egin zutenen ekimenarekin. Igandean, seiehun bat lagunek lagundu zuten jaia aurrera eraman ahal izateko. «Are gehiago: larunbatean bertan beste horrenbeste izan ziren, azpiegiturak muntatzen laguntzen!», azaldu du Jimenezek. Laguntzeko borondate hori atzo bertan berretsi zen; laneguna izan arren, dozenaka pertsona izan ziren larunbatean muntatutakoa kentzen.
«Ikastolak familia bat gara, eta familia giroan antolatzen dugu Araba Euskaraz; denok lan egiten dugu euskararen alde, eta hori sentitzen da», hausnartu du Jimenezek. Hain zuzen ere, Oiongo San Bizente ikastolako gurasoez gain, Arabako beste ikastoletako kideek ere parte hartu zuten. Parte hartze horrek berak egunaren balorazio ona egiteko modua ekarri duela azaldu du.
Alor ekonomikoan zehaztutako helburuetan ere baikor dira San Bizente ikastolako arduradunak. 2009an, San Bizente ikastolak Araba Euskaraz antolatu zuen azken aldian, jantokia egiteko lanen erdia finantzatzeko adina diru eskuratu zuten. «Orain jantokiaren lana bukatzea dugu helburu, eta, boteprontoan, esango nuke izango dugula behar adina». Dena den, lortuko ez balitz ere, emaitza «positiboa» izango dela gaineratu du. «Araba Euskaraz jaian jendearen eskuzabaltasunari esker lortzen den dirua hala hartzen dugu, esker onez; 2009an bildutako dirua jantokia bukatzeko nahikoa izan ez bazen ere, ezin da esan emaitza txarra izan genuenik».
Horregatik guztiagatik, San Bizente ikastolako kideak pozik daude Araba Euskaraz Gasteizen ospatu izanagatik. «Oso emaitza ona eman du erabakiak». Jimenezek oroitarazi du Gasteizko Udalak ez zuela oztoporik jarri, hasiera batean; ordea, jaia gerturatu ahala, bilera asko eta eskaera asko bete behar izan dituzte. Txostenak, bermeak... «Lan pila bat eman digu, baina Arabako ikastola guztien laguntza jaso dugu, baita gurasoena ere».
Goizean goizetik, «baikor»
Araba Euskaraz jaiak «baikor» izateko moduko hainbat une utzi zituen egun osoan. Hasteko, ibilbidea irekitzeko ekitaldiak ezohiko argazkia utzi zuen. «Agian oker nabil, baina esango nuke protokolo guztia euskaraz egin den lehen aldia izan dela», argitu du Eugenio Jimenezek. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak (EAJ) lehen agerraldia izan zuen, baita euskaraz egin ere. Oiongo alkate berriak ere, Eduardo Terrobak (EAJ), euskaraz egin zuen. «Hura ez da euskalduna, baina emaztea eta seme-alabak bai; euskaraz egiteko ahalegina egin izana aintzat hartzekoa da».
Xabier Arrieta Ikastolen Elkarteko Artezkaritzako kide eta Araba Euskaraz-eko lehendakariak nabarmendu egin zuen Arabako Errioxako ikastolen lana. «Duela 30 urte Errioxan euskarazko hezkuntza bultzatu zutenek amestu zuten euskara piztuko zutela, eta, urteetako lanaren ondoren, emaitzak hemen daude». Ikastolen emaitza akademikoak eta lan egiteko modua baliatu zituen horren berri emateko, baina euskara pizteko ahalegin hori are urrunago doala egiaztatu zen herenegun.
Ibilbidea hasteko ekitaldia bukatuta, Prado, Mendizorrotza, Mineral eta Armentiako zelaietako guneak ireki zituzten, goizean goizetik. Eguraldiak lagunduta, ehunka lagun bilduz joan ziren ibilbidera, eta, denbora gutxian, guneak bete zituzten. Jendetzaren ondorioz, zenbait txosnatan ogitartekoak egiteko osagaiak ere bukatu zitzaizkien.
Gune guztietan eskaintza zabala egon zen, eta guneen artean zeudenek ere dantzatzeko tartea izan zuten, Elektrotxarangari esker, besteak beste. Eskaintza horrez gain, Erronka izeneko lehiak ere dozenaka lagun erakarri zituen, goizean goizetik bazkalordura arte.
Eguna bukatuta, antolatzaileak irribarretsu zeuden. Laguntzeko prest gerturatu zen pertsona orori esker ona adierazi zioten, baita jaiarekin gozatzera joandakoei ere. «Errespetua nagusitu zen; ez zen inongo arazorik izan egun osoan, ezta larrialdi bakar bat ere».
2016an, Lautadan
Oiongo San Bizente ikastolak Aguraingo Lautada ikastolari utzi dio lekukoa, 2016. urtean Araba Euskaraz antola dezan. Ikastola horrek 2010. urtean antolatu zuen azkenengoz Arabako ikastolen jaia.