Aktak izan dira orain arte: alboan gaztelaniazko itzulpenik ez badute, ez ditu balekotzat jotzen. Beste pauso bat eman du orain Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak: euskara planak euskaraz egiteagatik, salatu egin du Altzoko Udala (Gipuzkoa). Aktengatik eraman ditu auzitara dozenaka udal, baina lehen aldia da euskara plana euskaraz egiteagatik udal bat salatzen duena. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohartarazi du udal ugari egongo direla Urkijoren jomugan Altzoko kasuarekin abiatutako bidea jarraitzen badu.
Finean, aktekin erabili duen argudioari eutsi dio Urkijok orain ere: ez du ametitzen euskarazko dokumentu ofizialik, itzulpenik ez badute —gaztelaniaz soilik daudenak, bai, onartzen ditu—. Euskaraz funtzionatzen duten hainbat udal eraman ditu auzitara, agiriak itzuli gabe bidali dizkiotelako. Haietako dozena batek aurrera egitea erabaki dute: aktak euskaraz egiten jarraituko dute, eta hala bidaliko dizkiote Urkijori.
Legezkoa da, Eusko Jaurlaritzaren txosten juridiko baten arabera. Euskara eta gaztelania, bi-biak dira ofizialak, eta, txostenaren arabera, erakundeen arteko harremanetan biek dute erabateko balioa. Jaurlaritzak esku hartuko du Beizamako Udalaren (Gipuzkoa) kasuan: pertsonatu egin da, udalak eskatuta. Beste auzietan ere berdin egitea galdegin dio Uemak. Ez du erantzunik izan.
Altzoko kasuarekin, beste bide bat ireki du Urkijok. Orain arte, euskarazko akten eta kontratuetako hizkuntz irizpideen aurka jo du batez ere. Euskara plan bat ere salatu du, Gipuzkoako Aldundiarena, euskara lehenesten duelako.
Epaia Urkijoren kontra
Auzibide gehienak amaitu gabe daude oraindik —udal batzuek ez dute aurrera jarraitu, baliabiderik ez eta—. Asteon ezagutarazi dute epai bat euskarazko aktei buruz, Urkijoren aurkakoa: aktak euskaraz egitea ontzat jo du epaileak.
Irurako Udalak (Gipuzkoa) irabazi du auzia. Beste hainbat udalen kasuan bezala, haren aktak ere ez-jasotzat jo ditu gobernuaren ordezkariak, gaztelaniazko itzulpenik ez zutelako. Auzitegiaren arabera, ordea, ez da «zentzuzkoa» jokabide hori. Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea ahotan hartuta, adierazi du hizkuntza ofiziala dela euskara, eta erakundeei ohar egin die: «Derrigortuta daude autonomia erkidegoan hizkuntza horretan egiten diren herritarren eskaerak jaso, tramitatu eta erantzutera».
Euskara planak euskaraz egitea ez du onartu Urkijok
Altzoko Udala auzitara eraman du gobernu ordezkariak, euskara plana euskaraz bidali diolako.Euskarazko akten ostean hasi da planen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu