Lehen gaztelaniaz egiten genuen lan, eta orain euskaraz. Hizkuntza batetik bestera pasatzeko gauza izan gara, eta horretaz harro gaude». Pieza metalikoen fabrikazioan espezializatutako Elay enpresa (Antzuola, Gipuzkoa) izan zen lehena euskara plan bat martxan jartzen, orain hogei urte. Denbora horretan, euskara normalizatzeko lanabesak enpresa «batzea» lortu duela dio Anaje Narbaiza Elayko ordezkariak, «barrutik sendotu du». Eta erantsi du bidean ez dutela inor traumatizatu: «Jendea ez da beldurtzen hizkuntzekin, hizkuntza jarrerekin baizik».
Elay euskalduntzen hasi zenetik, enpresetan eta bestelako entitateetan euskara txertatzeko ohiko tresna bihurtu dira euskara planak. Egun, ordea, ez da euskararen kudeaketaz hitz egiten, hizkuntzen kudeaketaz baizik, eta mundu berri horretan tokia topatu nahian dabiltza teknologia berriak. Beraz, abagune horretan, nola handi daiteke euskara planen eraginkortasuna? Hogei urteotan egindakoaz eta etorkizuneko erronkez hausnartzeko, euskalgintzako zenbait eragile bildu zituen atzo Elhuyar Aholkularitzak, 20 urte euskara (p)lanetan lelopean Bilbon eginiko jardunaldietan.
Euskara planifikatu eta kudeatu egin behar dela argi dute hizkuntzaren normalizazioan lan egiten dutenek. Hartara, ezinbestekotzat dute euskara planak enpresen kudeaketan txertatzea. «Entitateen atzetik ibili ordez, ondoan lan egitea dakar», azaldu du Idoia Aldekoa Elhuyar Aholkularitzaren Bizkaiko ordezkariak.
Plangintza lekuan-lekuan egiteaz mintzatu da, ildo horretan, Andoni Sagarna Elhuyar Fundazioko sortzaile eta euskaltzaina: «Enpresaren sail bakoitzean galdetu behar da: 'Eta zurean, euskara zer?'. Galdera ikur hori toki guztietan utzita, azkenean euskararen plangintza arduradun eta langile guztien buruan egongo da, enpresaren kudeaketa planean sartuko da». Bestela, Fiat auto enpresa handian gertatutakoa berriz gerta daiteke: «Brasil, Australia, Polonia... Piezak mundu guztian zehar fabrikatzen zituzten. Logistikoki dena oso ondo planifikatuta zuten, baina hizkuntzak buruhauste bihurtu ziren».
Prozesuen araberako kudeaketa metodoak zabaltzen ari diren honetan, jardun hori hizkuntzetan aplikatzea proposatu du, beraz, Sagarnak. Komunikazioa baita enpresa guztietan nahitaez dagoen prozesu bakarrenetakoa. «Euskara beste prozesuak bezala landu behar da; ez da militantzia, enpresaren behar bat baizik».
Planak hedatzeak, aldiz, jarduera batzuk orokortzea ekarri duela uste du Xabier Arauzo Osakidetzako Euskara Zerbitzuko buruak. Bertako euskara plana martxan jartzean hausnarketa falta izan dela azaldu du: «Atal guztiek garrantzi bera balute bezala aplikatu da, aztertu gabe zein arlok laguntzen duen gehien helburua betetzen». Ondorioz, Osakidetzako euskara plana «arrotza» da langileentzat, ez baitago eguneroko lanarekin lotuta.
Baina euskararen normalizazioari begira, lan mundua euskalduntzea lehentasunezko jo du Idoia Aldekoak: «Lanean denbora asko ematen dugu, esparru hori estrategikoa da». Era berean, lidergoa hartzea erakundeei dagokiela uste du. Ildo horretan, erakundeei «gutxienekoak adosteko» eskatu die Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretuarekin gertatutakoaren harira: «Gobernura heltzen den kolorearen araberakoa izan ez dadin proiektu batekin jarraitu edo ez».
Ziurtagiri bakarrerantz
Euskara planei lotuta, euskara erabiltzen duten entitateak identifikatu eta saritzeko eratu zuen Kontseiluak Bai Euskarari ziurtagiria 2000. urtean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Bikain agiria sortu zuen 2007an; «ordura arte egindakoa kontuan izan gabe», kritikatu du Gutierrezek. Garaiko desadostasunak konpontzeko aukera badagoela uste du, ordea, Ivan Igartua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendariak: «Urratsak egiten ari gara, ea aurrera begira tresna bakarra erabil daitekeen». Entitateek txalotuko lukete. Elay izango litzateke lehena: «Bi ziurtagiri edukitzea ez da naturala».
Euskara sartu ez, txertatu
Lehen euskara plana abiatu zenetik, hizkuntza ehunka enpresatan sartu da; etorkizunari begira, kudeaketan txertatzea izango da planen eraginkortasunaren gakoa, eragileen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu