Euskara sustatzeko akordio bat sinatu dute gaur Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Irakaskuntzan, azterketetan, itzulpenetan eta ikerketetan elkarlanean arituko dira, besteak beste. Hitzarmena goizean sinatu dute Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. 2009an bi gobernuek egindako itunaren barruan kokatu du gaurko hitzarmena Nafarroako Gobernuak, eta esan du helburua dela "bikoiztasunak eta alferrikako gastuak" saihestea.
Akordioan behin baino gehiagotan nabarmendu dute bi egitura desberdin direla EAE Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa. Gainera, adostutakoa “ahalmen ekonomikoen arabera” garatuko dute.
Bederatzi puntu adostu dituzte bi gobernuek:
1. Helduen irakaskuntza. Helduei euskara irakasteko curriculuma eta materialak elkarrekin egingo dituzte. Hori bai, nabarmendu dute argi utziko dutela "bi egitura politiko diferente" direla EAE eta Nafarroa. Langile publikoak euskalduntzen ere elkarlanean arituko dira.
2. Azterketak. Hizkuntz maila ebaluatzeko probak elkarrekin diseinatuko dituzte, eta biek onartuko dituzte besteak emandako ziurtagiriak.
3. Ikerketak eta mapa soziolinguistikoak. Ikerketetako informazioa trukatuko dute, eta "ahal den neurrian" aldi berean osatuko dute mapa soziolinguistikoa (betiere EAE eta Nafarroa bereizita).
4. Itzulpenak. Espainiako eta nazioarteko legeak euskaratzen arituko dira. Besteak egindako itzulpenak ontzat joko dituzte biek.
5. Terminologia. Elkarlanean arituko dira terminologia adosteko eta horiek zabaltzeko.
6. Itzulpen memoriak. Partekatu egingo dituzte memoriak, bi gobernuetako langileek erabiltzeko.
7. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT). Eskura dauden baliabideak zerrendatuko dituzte, eta erabiltzaileen esku jarriko.
8. Nazioarteko dibulgazioa. Nazioartean euskara zabaltzeko programak egingo dituzte, baita atzerriko unibertsitateetan ere.
9. Kultur sustapena. Kanpainak, materialak eta ekitaldiak elkarrekin egiteko atea zabaldu dute bi gobernuek.