Herenegun gertatu zen, etxera zihoala, iluntzean, trenean. Bizikleta bat zeraman, eta trenera igo zenean, beste bizikleta bat zegoen ate ondoan jarrita. Lekurik ez berearentzat. Alboan jarri zen, segituan jaitsi behar zuen eta. Ikaztegietan hartu zuen trena, eta Legorretara zihoan. Gipuzkoan. Zaindari bat joan zitzaion. Jartzeko bizikleta bestearen gainean. Baimena eskatu zion beste bizikletaren jabeari, euskaraz. «Itzuliko didazu zer esan dizun gizon honek?», esan zion zaindariak beste bizikletaren jabeari. Horrela dabiltza asteotan Renfeko trenean. «Espainia da hau; egin gaztelaniaz», esaten diete. Herenegun bertan, BERRIAn, iritzi artikulu bat kaleratu zuten Ordiziako bost lagunek, tratua salatzeko. Barkamena eskatu du Renfek, eta zer gertatu zen ikertzen hasi da. Jaurlaritzara ere iritsi da salaketa bat.
Euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzeagatik maiz eskatu dizkiote kontuak Renferi. Aski da Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren urteko txostenak aztertzea. Joan den astean argitaratu zuten azkena. Renferi buruzko kexuak dira zazpi; langile erdaldunak dituelako kexatzen dira batez ere —zorion mezu bat ere jaso du aurten, bozgorailuko mezuan lehenbizi euskarazkoa jartzeagatik—. Berdin gertatzen da segurtasun zaindariekin: erdaldunak dira ia denak. Azpikontratazioetan euskaraz jakitea eskatuko duela esana du Renfek, baina ibilbide luzeko trenetako tabernetan soilik eskatzen du; beste zerbitzuetan, ez.
Kontua da, euskaraz ez jakiteaz gain, euskaraz hitz egiten dutenei jarrera txarra erakusten ari direla zenbait zaindari. Irun-Brinkola arteko ibilbidean jaso dituzte salaketak. Lekukoen arabera, zaindari bikote bat da istiluak sortzen ari dena. Agindu bera ematen dute beti: «Espainia da herrialde hau, eta egin ezazu gaztelaniaz».
Ertzainei deika
Maiatzaren 1ean izandako gorabeherek atera dute gaia argitara. Ordizian gertatu zen. Legorretatik zihoazen bidaiari batzuk, txartelik gabe, eta zaindariei euskaraz azaldu zieten Legorretan ez dagoela txartela ateratzeko gailurik. «Espainian gaude. Ofiziala gaztelania da», erantzun zieten haiek.
Hilabete inguru da horrelako arazoak hasi zirela. Apiril erdialdean izan zuen lehen gorabehera segurtasun zaindariekin Mikel Azarolak —herenegun ere berdin gertatu zitzaion—. Lanera zihoan orduan, goizean, 06:15ean. Bizikleta zeraman, eta lehen aldiz topo egin zuen zaindari bikote horrekin. «Jarri bizikleta hori bestearen gainean», agindu zioten, gaztelaniaz. Hark erantzun zien norena zen beste bizikleta hori. «Esan dizut jartzeko bizikleta gainean». Helmugara iritsi ziren berehala —bost minutuko bidea zuen—, eta jaitsi egin behar zuela esan zien hark. Euskaraz. Gaztelaniaz egiteko agindu zioten zaindariek. Gehiagorik gabe pasatu zen hura.
Hamar egunen buruan, berriro topo egin zuen zaintzaile haiekin. Geltokian. «Igo naiz trenera, eta haietako bat atzetik, bestea geltokian utzita. Jartzeko bizikleta hark esan bezala». Han ari zirela, abiatu da trena. Zaindari bat trenean, eta bestea geltokian. «Trena gerarazi zuen, alarmari emanda». Gainerako bidaiariek ikusi zuten zer gertatu zen, nola esaten zion gaztelaniaz egiteko, eta bidaiarietako batek erantzun egin zien: «Euskal Herrian euskaraz!».
Bi zaindarien artean hartu zutela azaldu du Azarolak. «Ertzainei deitu nien, nola gazte bat hartu zuten bi zaindarik 'Euskal Herrian euskaraz!' esateagatik». Jakinaren gainean zegoen Polizia. Zaintzaileek hots egin zuten. Berdin egin zuten Ordiziako geltokian: egiteko gaztelaniaz, bestela Ertzaintzara deituko zutela. Zortzi ertzain joan ziren. Erdaraz egin zieten haiek ere. «Lehenak gazteleraz egin zigun. Euskaraz egiteko eskatu genion, eta ezetz. Azkenean, ertzain bat euskaraz hasi zitzaigun esanez gazteleraz egiteko, besteek ulertzeko, errespetuz».
Zaindariekin gorabeherak izan zituenean, Renfeko arduradunekin hitz egitera joan zen Azarola, Tolosako geltokira. «Beste bi zaindari ere han zeuden, eta berehala esan zidaten susmoa bazutela nor izango ziren: 'Espainiako Legiotik etorri direla uste dugu'». Gainera, frogatu du bizikletarena aitzakia dela. «Treneko ikuskatzaile bati galdetu nion gaizki al neraman, eta ezetz esan zidan».
Renfe, barkamen eske
Ordiziako istiluaren ondoren BERRIAn argitaratutako eskutitzak izan du eragina. Barkamena eskatu du Renfek jendaurrean, Twitterren. Kexua egin zutenei gutun bat bidali die, euskaraz. Renfek euskara ere hizkuntza ofizialtzat hartzen duela esan diete eskutitzean, eta pausoak eman nahi dituztela normalizaziorantz. Gertatu zena «deitoratu» egiten dutela nabarmendu dute, eta kontuak eskatuko dizkiotela zaindarien enpresari. Renfeko iturriekin harremanetan jarrita, haserre bizia dute zaindarien jarrerarekin: «Ezin dezakegu onartu horrelako pertsonak izatea lanean». Ikerketa bat abian dela jakinarazi dute.
Sortutako harrabotsarekin pozik daude salatzaileak. «Badirudi ari dela eragina izaten. Ea balio duen egoera aldatzeko», adierazi du Edurne Huesak, karta bidali zutenetako batek. Hedabideetan sortu du zeresana, eta horrek behartu du erantzutera Renfe. Jasotako gutuna itxaropenez hartu du Huesak, baina han egindako adierazpen guztiekin ez dago ados. «Langile askok euskaraz zerbitzua ematen dutela diote. Hemen inguruan behintzat, ez».
Kexu gehiago jasoko ditu Renfek. Huesak Elebidera jo du dagoeneko, Jaurlaritzak hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko daukan zerbitzura. Deitu du Azarolak ere, eta idatzi bat aurkeztuko du orain. «Renfera ere joko dut, Donostiara, nahiz hiru ordu galdu beharko ditudan hori egiten».
Ertzainen jokabidea ikertzen ari da Segurtasun Saila. Gaztelaniaz egiteko esan zietela salatu dute geltokian zeudenek. Saileko iturrien arabera, euskaldunak ziren joandako ertzain gehienak. Haien bertsioa azaltzeko eskatuko diete orain ertzain horiei, zer gertatu ote zen. Kexua jarri dutenei gutuna bidaliko die Segurtasun Sailak, eta gaur bertan ohar ofizial bat kaleratzeko asmoa du.