Euskara zerbitzuek laguntza «duinak» eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

80 tokiko entitatek bat egin dute diru laguntzak igaro 11 urteotan %70 urritu dizkietela salatzeko

Iruñea
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskara zerbitzuek funtzionamendurako behar duten diru kopuruaren eta Nafarroako Gobernuak ematen dituen diru laguntzen artean «diferentzia esperpentikoa» dago. Salaketa hori egin dute Euskararen Erabilpena Udal Esparruan Normalizatzeko Lankidetza Hitzarmeneko Jarraipen Batzordeko kideek. Hilabeteetako hausnarketaren ondoren, «hitzarmena duintasunez hornitzeko mozioa» onartu dute laurogei tokiko entitatek. Euskara zerbitzuetarako diru laguntza duinak eskatzen dituzte bertan, besteak beste.

Tokiko entitateek eta Nafarroako Gobernuak 1998an izenpetu zuten Euskararen Normalizaziorako Lankidetza Hitzarmena. Igaro hamar urteotan euskara zerbitzu eta mankomunitateei emandako diru laguntzak %70 murriztu direla salatu dute. «Diru laguntzen murrizketa arrazoitzeko krisi ekonomikoaren aitzakia jartzen dute, baina jaitsiera nabarmenena 2005ean izan zen». Urte horretan, hain zuzen, %43ko jaitsiera izan zen: euskara zerbitzuek gastatutako 2.200.000 eurotatik 375.000 jaso zituzten Euskarabidetik.

Euskara zerbitzuek garapen handia izan dutela azaldu dute batzordeko kideek: mintzalagun proiektuak, D ereduaren aldeko kanpainak, ikerketa soziolinguistikoak eta abar. Baina ekintza guztiak Nafarroako Gobernuaren laguntza urriarekin egin dituzte. Izan ere, diru laguntzek ez dute euskara zerbitzuek izan duten tamainako bilakaera izan: «Zoritxarrez, kontrakoa gertatu da: bilakaera ezkorra izan da».

Euskara hitzarmena sinatu zenean, 1999an, euskara zerbitzuek gastatutako 1.300.000 eurotatik Nafarroako Gobernutik 571.000 euro jaso zituzten, hau da, gastatutakoaren %43,4 jaso zuten. Aurten aurreikusitako 2.650.000 euroko gastuetatik Euskarabidetik 162.000 euro jasoko dituzte, %6.

2011ko eta etorkizuneko Nafarroako aurrekontu orokorretan euskara zerbitzuei emango zaien diru laguntzak zehazteko «irizpideak jartzeko eta urtero ez aldatzeko» eskatu dute laurogei bat udalek onartu duten mozioan.

Kontrastea

Hitzarmena sinatu zenean, aurrekontu orokorren %0,028 euskara zerbitzuei eman zien Nafarroako Gobernuak; aurten, berriz, aurrekontuen %0,0032 jaso dute. Aurkeztutako mozioan, hasierako diru laguntzen ehunekoak mantentzea eskatu dute: «Gutxienez. Hitzarmenean jasotzen diren ekimenak sustatzeko euskara zerbitzuen laguntzek gastatzen dutenarekin loturik egon behar dute». Irizpide hori jarraituz gero, aurten jasoko dituzten 160.000 euroak beharrean milioi bat euro jaso beharko lukete. Gaur egun Nafarroako biztanleriaren %63ra iristen dira euskara zerbitzuak. Baina zerbitzu horien egoera larria dela adierazi dute batzordeko kideek: «Dirurik ez dago».

1998an tokiko entitateen eta Nafarroako Gobernuaren artean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren arabera, euskara zerbitzuen helburu nagusia euskararen erabilpena babestea, berreskuratzea, bultzatzea, garatzea eta normalizatzea da. «Horretarako, alor ekonomikoan, alor teknikoan eta antolamenduan lankidetza aurreikusten da». Nafarroako Gobernuan itun hori betetzeko borondaterik ez dela igartzen diote, ordea: «Teorian baino ez da, praktikan ez dira emaitzak ikusten». Igaro urte hauetako «bilakaera ezkorraren» ondorioz, kaltetuak herritarrak, toki entitateak eta programak garatzen dituzten langile, enpresa eta abar dira.

Salaketa egiteko, 80 toki entitateen izenean hitz egin dute lankidetza ituneko jarraipen batzordeko kideek: Miguel Angel Zubiria Sakanako Mankomunitateko lehendakariak, Xabier Lasa Berriozarko alkateak, Esther Lakasta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen lehendakariak, Luis Villanueva Erroibarko zinegotziak, Joseba Indabere Malerrekako Mankomunitateko euskara arduradunak eta Xanti Kiroga Uharteko Udaleko euskara zinegotziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.