Euskarabideak %46 murriztu ditu laguntzak eta %14 barneko gastuak

Erakundeko zuzendari Maximino Gomezek agerraldia egin du, ateak itxita, Nafarroako Parlamentuan

Euskarabideko Maximino Gomez (ezkerrean), Bilduko Aitziber Sarasola eta Bakartxo Ruizekin, atzo. J. MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Orekarik gabeko murrizketa. Euskarabideak aurten emanen dituen diru laguntzen atalean egindakoa horrela epaitu du Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariak. %46 eginen dute behera laguntzek; barne funtzionamenduko gastuak, aldiz, %14 inguru murriztu ditu. Euskarabideko zuzendari Maximino Gomezek agerraldia egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan, erakunde horrek 2012rako dituen aurrekontuei buruz azalpenak emateko.

Hiru ardatz nagusi ditu Euskarabidearen jarduerak, Gomezek berak parlamentarien aurrean azaldu zuenez, baina batean eta bertzeetan gertatutako murrizketen artean alde handia dago. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok berriki errana da Euskarabidea «dirua xahutzeko makina» dela, lau eurotik hiru bere egiturari eusteko erabiltzen dituelako, eta euro bakarra uzten duelako euskalgintzarentzat. Gomezek Euskarabideari eutsi ahal izatea berri ontzat jo zuen atzo.

Lantaldeari ia bere horretan eutsiko dio erakunde horrek aurten. %14 baino ez da jaitsi aurrekontua, zerbitzuburuak desagertzearen ondorioz. Ondasun eta zerbitzuen atalean %16 egin du behera aurrekontuak. Erakundeak banatzen dituen diru laguntzen atalean, berriz, % 46. Denera, 2,3 milioi eurokoa da Euskarabidearen aurtengo aurrekontua.

Bilduk joan den azaroan eskatu zuen Gomezen agerraldia, Nafarroako Parlamentuan azal zezan aurtengo aurrekontu hori osatzeko zer-nolako irizpideak erabili dituzten. «Galdera horri ez dio erantzun; Euskarabidearen plangintzaren berri eman digu Gomezek», Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariak azaldu duenez.

Kazetariek, gainera, ezin izan zituzten Gomezen azalpenak zuzenean entzun, Bilduk lan saioan egoteko eskatu bazuen ere, ateak itxita egin baitzuen agerraldia. Idatziz ere agiririk ez zuen banatu Euskarabideko zuzendariak.

Parlamentuan, nagusiki, erakunde horrek urte honetarako prestatutako plangintza azaldu zuen Gomezek, Sarasolaren hitzetan. Hau da, prestakuntzaren arloko lanaz, euskalkien ingurukoaz, toponimiari buruz egin beharrekoaz, toki entitateei laguntza eta aholku emateko lanaz.. aritu zen. Euskarazko hedabideen ingurukoaz eta kultur jardueraz, berriz, hitz gutxi erran zuen.

«Kultur zikloari eutsi dio Euskarabideak, baina kultur jarduera desagertu da. Kanpoko jarduerentzat, berriz, hamar euroko aurrekontua baino ez du aurten», erran du Bilduko parlamentariak. Hedabideen inguruan galdera zehatza egin zion Sarasolak Gomezi, 2012rako diru laguntzarik gabe gelditu baitira. UPNren ahotik Hezkuntza Batzordean aurretik entzun izan den argudio bera baliatu zuen Gomezek erantzuteko, Sarasolaren hitzetan: «Gaur egun herritarrek Internet erabiltzen dutela esan digu, arlo horretara bideratu behar direla laguntzak».

Bilduko parlamentariak hizkuntza eskubideak aipatu zizkion Gomezi, eta bide beretik jo zuten Nafarroa Baiko parlamentariek. Euskarabideko zuzendariak horrela erantzun zien parlamentariei: «Esperantza faltsuak sortzen direnean, esperantza horiek etsipena eragiten dutela erran digu [Gomezek]; eskubideak legeak ematen dituela, eta ezin dugula pentsatu eskubideak izanen ditugula, legeak ematen ez dizkigunean. Hizkuntza eskubideak Nafarroako Gobernu osoak errespetatu behar dituela uste dugu guk».

Behatokia ere, parlamentuan

Behatokiak ere hizkuntza eskubideak izan zituen mintzagai atzo, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzorde berean. Azken hamar urteotako egoera aztertzen duen txostena aurkeztu zuen Garbiñe Petriati zuzendariak, Bilduk eta NaBaik eskatuta.

Petriatik argi eta garbi erran zuen Nafarroako administrazioek urratu egiten dituztela nafarren hizkuntza eskubideak. Euskararen legea aipatu zuen, eta normalizaziorako tresna izan beharrean, prozesuai oztopatu egiten duela azpimarratu zuen. «Kasu askotan, dagoena ere ez du betetzen administrazioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.