Euskarak ez duela behar «komisario politikorik» esan dio PSE-EEk EAJri

Lurdes Auzmendik espero du EAJren gehiengoak Corralesen iritzi bera ez izatea eta «hitz isolatuak» izatea

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Euskarak «adostasuna» behar duela, eta ez «komisario politikorik» erantzun dio PSE-EEk EAJri, atzo Leire Corrales EAJko legebiltzarkideak egindako adierazpenen harira. Corrales gogor mintzatu zen Jaurlaritzaren hizkuntz politikaren aurka, eta «karramarroaren politika» egitea egotzi zion. Honako hitz hauek erabili zituen: «Ez dakigu geldotasunaren eta alferkeriaren ondorio ote den egiten ari direna, euskarari gorrotoa diotelako egiten ote duten edota bien arteko nahasketa baten ondorioa den».

PSE-EEk ez ditu ondo hartu EAJren adierazpenak, eta euskara Jaurlaritzaren aurka egiteko «arma» gisa erabiltzea egotzi dio, «gezurrak esanez eta lortutako adostasunak ahaztuz». EAJren helburu bakarra giroa gaiztotzea eta etekin politikoak lortzea dela deritzo PSE-EEk. «EAJk ez du maite euskara. Bere mesedetan erabiltzen du, eta nirea edo inorena gisako ideietan dabil», adierazi du Vicente Reyes PSE-EEko Hezkuntza eta Kultura idazkariak. 1982an bi alderdiek lortutako «adostasuna» eta akordioak ekarri ditu gogora ordezkari sozialistak, eta adibide gisa jarri ditu Euskararen Legea eta Eskola Publikoaren Legea. Haren esanetan, gobernuan izan edo oposizioan izan, PSE-EEk «beti arduraz jokatu du» euskara sustatzeko lanetan. «Nahikoa izan da euskararen inguruko eztabaida publikoa bultzatuko dugula esatea, EAJk komunikabideetara jo eta euskara gorrotatzen dugula esateko».

Auzmendiren erantzuna

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak ere ez du ixilik geratu nahi izan EAJren kritiken inguruan, eta Leire Corralesen adierazpenak «bidegabetzat» jo ditu. «Hitz isolatuak» izatea espero du Auzmendik, eta EAJren gehiengoak iritzi bera ez izatea.

Euskararen normalizazioan aurrera egiteko «konpromisoak» gidatzen du Jaurlaritzaren jarduna, Auzmendiren arabera, eta adibide gisa jarri du datorren urtean euskara sustatzeko diru laguntzak aurtengoen «antzekoak» izango direla. Gainera, diputazioek laguntza horiek %20 gutxituko dituztela zehaztu du. «Hori horrela izan arren, ez diot leporatuko EAJri euskara gorrotatzea».

Eusko Jaurlaritza euskara sustatzeko neurriak hartzearen aldekoa dela azpimarratu du sailburuordeak, «eta zigortzeko neurriak hartzearen aurkakoa»; izan ere, haren esanetan, euskarak adostasuna behar du, eta «ez inposizioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.