Euskaran Nafarroarekin elkarlanean aritzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

2,2 milioi euro emango ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak adostutako lankidetza hitzarmenari oniritzia eman dio Jaurlaritzak. Atzoko Gobernu Kontseiluan baimendu zuten hitzarmena sinatzea. Besteak beste, bi gobernuak elkarlanean ariko dira helduei euskara irakasten, hizkuntza gaitasunak ebaluatzen eta egiaztatzen, ikerketa soziolinguistikoak eta itzulpen memoriak egiten, informazio eta komunikazio teknologietan eta hizkuntza sustatzen. Patxi Lopezen gobernuak jakinarazi duenez, ituna urtero berritzeko asmoa du Jaurlaritzak, eta bi gobernuek adostutako batzorde batek zehatuko du zenbateraino betetzen den akordioan jasotakoa. Orobat, bikoiztasunak saihesteko engaiamendua azaldu dute.

Gainera, 2.285.000 euro emango ditu Eusko Jaurlaritzak Kultura Sailaren Lanhitz deialdian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lantokietan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria duten enpresei emango diete dirua aurrena, eta gainontzekoa, euskara sustatzeko plan bat ezarri nahi dutenei. Halaber, «gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko eta normalizatzeko», 1.152.000 euro emango ditu Jaurlaritzak. Herritarrei zein erakunde pribatuei emango die laguntza hori. Aisialdi taldeen jardunean nahiz haur eta gazteen kirol ekintzetan euskararen erabilera areagotzea eta etorkinen artean euskararen erabilera sustatzeko jarduerak antolatzea hartuko ditu irizpidetzat Eusko Jaurlaritzak, besteak beste.

Ofizialtasun eske Europan

Europako Batasunean euskararen ofizialtasuna onartzea galdegin dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari. Euskara, katalana eta galegoa Europako Batasunean sustatze aldera, ERCk Espainiako Kongresuan aurkeztutako legez besteko proposamen bat babestu du Amaiur koalizioko parlamentari Jon Iñarrituk, uste baitu «positiboa eta beharrezkoa» dela hiru hizkuntza horietako hiztunen diskriminazio egoera eta «defizit» demokratikoa gainditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.