Euskararen alde 12 milioi ematea onartu du Lakuak

Kopuru handiena hedabideek jasoko dute; gainontzekoa enpresa, elkarte eta erakundeen artean banatuko da

Erredakzioa
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Euskara sustatzeko asmoz hedabide, tokiko erakunde, enpresa, informazio eta komunikazio teknologia proiektu eta euskalgintzako eragileen artean banatuko dituen diru laguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Orotara, 12 milioi euroko aurrekontua izango da. EAEko aldizkari ofizialean argitaratuko den egunetik, hilabeteko epea egongo da laguntzak eskatzeko.

Ia erdia inguru euskarazko hedabideek jasoko dute. Jaurlaritzak «laguntza eskatu duten komunikabideek euskara sendotzeko eta normalizatzeko egindako lana» hartuko du aintzat. Taldeka banatu ditu. A multzoan, kasurako, eguneroko prentsa idatzian diharduten enpresak sartu dituzte, direla «euskararen esparru geografiko osoan» banatzen direnak, direla tokiko hedabideak. Horien artean 2 milioi euro banatuko ditu.

Beste horrenbeste emango du B taldea osatzen duten euskaraz argitaratzen diren aldizkariak laguntzeko. 1,8 milioi informazio orokorreko aldizkarientzat izango dira, eta gainontzekoa aldizkari espezializatuentzat. Osorik edo ordu batzuetan euskaraz emititzen duten irratiek 250 mila euro jasoko dituzte. Baldintza berberak betetzen dituzten telebistentzat, berriz, 550.000 euroko laguntzak onartu ditu. Azkenik, Interneteko hedabideek eta euskaraz lan egiten duten berri agentziek 380.000 euro jasotzeko aukera izango dute.

Tokiko erakundeei, berriz, 1,8 milioi euro emango dizkie, dagokien inguru geografikoan euskara sustatzeko eta normalizatzeko planak garatu ahal izateko. Aurten sortuko diren Internet bidez hedatzeko proiektuek eta euskarazko webguneek 876.000 euro jasoko dituzte, oro har. Euskarazko softwarea sortzen duten enpresek, berriz, 700.000 euro izango dituzte euren artean banatzeko. Euskara sustatzeko lanean diharduten elkarte eta taldeek 1,2 milioi jasoko dituzte. Lan mundua euskalduntzeko planak dituzten enpresek, azkenik, 2,4 milioi euroko laguntza jasoko dute, denen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskarazko Tokiko Telebisten Elkarteak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute produkzio zentro bakarra egiteko proiektua garatzeko. Diputazioak krisiaren aurka sustatzen ari den planaren barruan emango du proiektu hori bideratzeko laguntza, 180.000 eurokoa. «Lehentasunezko» egitasmoa deritzote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.