EHE Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak Euskaraz Bizi Eguna antolatu du larunbatean Donostian. Irutxuloko Hitza-k Izarne Zelaia EHEko kidearen gonbitea jaso du.
Otsailaren 28an eman zuten ekitaldien berri. Pailazoak, hizkuntza jokabideen tailerra eta herri bazkaria jarriko dituzte haur zein helduentzat. Iluntzean, Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeek kontzertua egingo dute Trinitate plazan.
Ekitaldi nagusia, ordea, 18:30ean izango da. Bulebarretik manifestazioa abiatuko da, Euskalduna naiz eta harro nago lelopean. "Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskaldun izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek protagonismo berezia izango baitute", esan zuen Igone Lamarain EHEko kideak.
Manifestazioari babesa adierazteko kanpaina abiatu du EHEk. Webgunea berritu du elkarteak, eta atxikimendua adierazi nahi duten herritarrek bertan dute hori egiteko aukera.