Euskararen erabilera %7 eta %52 artekoa da EHUko eremu ez formaletan

17 fakultatetako euskararen erabilera behatu du Soziolinguistika Klusterrak, Euskararen arloko errektoreordetzaren ikerketa baten barruan

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko ekainaren 22a
13:33
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzak ikerketa bat abiatu zuen 2017-2018 ikasturtean, zenbait fakultatetako eremu ez-formaletako hizkuntzen erabilera behatzeko xedez. Ordutik, 17 fakultatetako euskararen erabilera behatu du Soziolinguistika Klusterrak, eta ondorioztatu du %7 eta %52 artekoa dela, fakultateen arabera.

Gipuzkoako campuseko fakultateetan jaso dituzte erabilera daturik altuenak; ondoren, Arabako campuseko fakultateetan, eta erabilerarik baxuenak, berriz, Bizkaiko campusean (bereziki, Bilboko fakultateetan).

«Fakultate gehienetan, emakumezkoen euskararen erabilera gizonezkoena baino altuagoa da. Gainera, joera orokor gisa, honako hau aipa daiteke: zenbat eta euskararen erabilera handiagoa izan, sexuen arteko erabileraren tartea are handiagoa da», irakur daiteke txostenean.

Soziolinguistika Klusterrak ez du joera garbirik antzeman ikasleen eta ez-ikasleen erabilera mailaren artean. «Batzuetan ikasleen euskararen erabilera handiagoa da, eta beste hainbatetan ez-ikasleek darabilte euskara gehiagotan. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da fakultateetako eremu informaletan behatzen diren solaskideen gehiengo nabarmena ikasleak direla (% 86 eta % 97 artean)».

Euskararen erabilera maila, EHUko fakultate bakoitzean.

Hirietako erabilera eta gazteena

Ikerketaren arduradunen esanetan, «testuinguruak garrantzi handia du» euskararen aldeko hautua egitean: «Hiriburuetako gazteen euskarazko erabilera datuak EHUko fakultateetako eremu ez-formaletakoekin alderatzean, unibertsitateko emaitzak altuagoak direla ikus dezakegu. Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 2016ko datuak kontuan hartuz, %13koa da gazteen kale-erabilera Donostiako kaleetan; % 5,3koa Gasteizkoetan, eta % 2,6koa Bilbon».

Soziolinguistika Klusterraren arabera, gisa honetako ikerketek balio dute «gazteen esparru propioetan eta beren arteko elkarrizketetan dituzten hizkuntza-praktikak, ohiturak eta joerak» ezagutzeko. «Gazteak Euskararen Eszenatokian ikerketan jaso zen, esaterako, unibertsitate garaia une garrantzitsua dela hiztunen ibilbidean, hizkuntza-mudantzak gertatzen baitira bertan».

2020/2021eko ikasturtean 150 ikasle arduratu dira datu-bilketaz. Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologiaren gaineko formazioa eskaini die, eta telefono mugikorretan instalatutako app bat baliatu dute fakultateetako gune ez-formaletako hizkuntzen erabileraren datuak jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.