Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia onartu zuen asteartean Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak, eta 2,8 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu horretara. Euskararen erabilera sustatzeko lanean ari diren elkarte, erakunde eta norbanakoek izango dute diru laguntzak eskatzeko aukera. Laguntzak %11,6 igo dira, iazko aurrekontuarekin alderatuz. Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak igoera hori defendatu du: "Inbertsioa inportantea da, euskaraz bizi nahi dugulako kalean, eguneroko bizimoduaren esparru guztietan, eta orain eta datozen urteetan hartzen ditugun neurriak erabakigarriak izango direlako horretarako".
Aldundiak hizkuntzaren esparruan "apustu sendoa" egin nahi du, eta euskalgintzako eragileekin eta gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzeko asmoa du horretarako. Azaldu dutenez, 2017an euskalgintzako sektorearekin izaniko "partaidetza prozesuaren" emaitzak aplikatu dira aurtengo aurrekontuan. Berrikuntza nagusia euskal hiztunen aktibaziorako ekintzak indartzeko neurriak izango dira, nagusiki euskara elkarte eta udal erakundeei emaniko laguntzekin. Lehen aldiz egunerokoak ere sartu dituzte laguntza esparruan.
Euskararen arnasguneak "indartu eta zabaldu" beharra azpimarratu du Lasak: "Herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanetarako eta bizitzarako".