Euskararen erabilera ez da ari igotzen ezagutzaren neurri berean kalean

Bizkaian, hamarretik sei euskaldun ez dira euskaraz mintzo kalean; erabilerak behera egin du herrialdean

Ainhoa Sarasola.
2007ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Kalean euskararen erabilera gora doa, Euskal Herri osoko datuak kontuan izanda. Baina motel ari da igotzen erabilera; 17 urtetan %3,4 baino ez da handitu euskararen presentzia kaleetan --duela sei urtetik hona, %0,7 besterik ez--. Kalean entzuten ditugun ehun elkarrizketatik, euskaraz 14 besterik ez dira egun. Herrialdeen artean alde handiak daude, halaber. Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den eta erabileran gorakada handiena izan duen herrialdea. Araban, Bizkaian eta Nafarroan igoera trabatuago dago. Eta, urteotako joerari jarraiki, Ipar Euskal Herriak eman du berriz ere daturik kezkagarriena: euskararen erabilera behera doa, etenik gabe. Oro har, euskararen ezagutza eta erabilera ez dira maila berean igotzen ari, nabarmen. Bizkaian, esaterako, hamar euskaldunetik seik kalean ez dute euskara erabiltzen.

Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketak utzitako datuak eta ondorioak aurkeztu zituen atzo Soziolinguistika Klusterrak, Donostian. 2006an, milaka elkarrizketa eta 185.000 hiztun inguru behatuta egin dute ikerketa. Olatz Altuna, Xabier Isasi, Iñaki Martinez de Luna eta Rosa Ramos azterlanaren batzorde zientifikoko kideek azaldu zituzten neurketaren nondik norakoak.

Azken 17 urteetako bilakaerari erreparatuta, joera positiboa dela nabarmendu zuen Altunak, Euskal Herrian oro har euskara gero eta gehiago erabiltzen baita. Hala ere, inguru gehienetan oraindik ere minoritarioa dela argi dagoela, eta hazkundea, ezagutza kopuruei erreparatuta, «nahi eta espero baino motelagoa» izan dela esan zuen.

Adin taldeei dagokienez, ordea, «hizkuntza normalizazio prozesu batean egon litekeen hurrenkerarik hoberena» lortu dela azpimarratu zuen Altunak; zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da erabilera. Adinekoenak izan ezik, talde guztiek izan dute bilakaera positiboa, gainera. Haurren artean handitu da gehien erabilera, baina gazteen taldean, ordea, ez da hobekuntza nabarmenik izan 2001etik.

Udalerrietako euskara ezagutzaren arabera zonaka guztietan euskararen erabilerak gora egin duela esan zuen, batez ere ingurune euskaldunenetan. Udalerrien biztanle kopuruaren arabera, berriz, 10.000 eta 25.000 biztanle bitarteko herrietan egiten da euskara gehien, eta ondoren, 5.000 biztanletik beherako herri txikietan. Hegoaldeko lau hilabeteetan izaniko hazkundea Donostiaren bilakaera positiboari zor zaio; Bilbon, berriz, beherakada izan da. Gasteizen ere erabilera handiagoa da 2001ean baino.

Sexuaren araberako emaitzak adin eta hiriburuen arabera sailkatu dituzte. Emakumeek adin tarte guztietan gizonezkoek baino erabilera maila hobeak azaldu dituzte. Alde hori are handiagoa da haur eta gazteen artean heldu eta adinekoen artean baino. Salbuespen bakarra hiriburu euskaldunenean izan da, Donostian; adinekoetan, gizonek emakumezkoek baino zertxobait gehiago hitz egiten dute, beste guztietan ez bezala.

Erabileran nabarmen eragiten du haurren presentziak: haurrak tarteko direnetan euskara gehiago erabiltzen da. Dena den, eragina ahulagoa da duela bost urte baino.

Altunaren ustez, «argazki estatikoari erreparatuta euskararen egoera eskasa da; baina dinamikoki, 17 urteotako bilakaerari begiratuta, joera itxaropentsua ikusten da, nahiz eta egoera duin batera iristeko asko falta zaigun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.