Euskara Tourrean

Euskararen "erabilera politikoa" deitoratu du Jaurlaritzak, baina Baionako etapan euskara erabiliko dela espero du

Josu Jon Imaz Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, Batasunak eta PPk "tresna politiko" gisa erabili dute euskara Frantziako Tourraren inguruan sortutako eztabaidan. Alderdi horien biden jarrera "deitoratu" du Imazek. Nolanahi ere, Baionako etapa amaieran Tourrak euskara erabiliko duela uste du Jaurlaritzak. Hala esan du, behintzat, Imazek.

2003ko uztailaren 8a
17:37
Entzun
"Tourrak beti begirune handia erakutsi du euskararenganako", esan du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta 1992an zein 1996ean Tourrean euskara erabili zela gogorarazi du: "Tourrak aurten ere jarrera bera izango duela espero dugu; gainera, Frantziako Tour entzutetsuak euskal gizartean duen izen ona handitzeko balioko luke", nabarmendu du.

Batasunak Tourreko zuzendaritzarekin izandako harremanen inguruko eztabaida "artifiziala eta zentzugabea" da Jaurlaritzaren ustez; Batasunak eta PPk bultzatutako polemika antzua. "Eztabaida horrekin jarraitzeko interesa duten bakarrak Batasuna eta PP dira. Guztiona den hizkuntza bere alde erabili nahi izan du Batasunak, eta, PPk, berriz, euskaldun guztion ondasun den euskara kaltetu besterik egiten ez duen polemika piztu du artifizialki", adierazi du Imazek. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritza ez dela eztabaida "antzu" horretan sartuko agertu du.

Ezker abertzaleko bozeramaile Arnaldo Otegiren ustez ere Tourrak euskara erabiliko du Baionan, lasterketa horrek "hainbesteko sentiberatasuna" baduela iruditzen baitzaio. "Espainia gai honekin egiten ari den erasoak argi erakusten Estatua ahul dagoela", esan du Otegik, eta euskal herritar guztiei dei egin die egun horretan zein Pirinioetako etapetan Tourrean egoteko, ikurrinak eta euskal presoen aldeko ohialak hartuta.

Raxoirentzat "berri izugarri ona" da

Mariano Raxoi Espainiako presidenteordearen arabera, "berri izugarri ona" da Tourreko zuzendaritzak hartutako erabakia. "Espainiar gehienentzat eta baita frantziar gehienentzat ere berri ikaragarri ona da hau, eta espero dugu beste inoiz ez horrelakorik gertatzea", azpimarratu du Raxoik.

Halaber, Terrorismoaren Biktimen Fundazioari gaur helarazi dio Leblancek gutun bidez akordioa bertan behera uzten duen agiria. "Akordio honek sorrarazi dizuen sumindura ulertzen dut, baina Tourreko zuzendaritza manipulazioaren biktima izan gara, eta beranduegi konturatu gara horretaz", dio Fundazioari helarazitako agiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.