hizkuntz ereduak

Euskararen eskailerak

Hezkuntza da euskara biziberritzeko gakoetako bat. Euskal Herrian, murgiltze eredura bildu dira ikasleen erdiak baino gehixeago. Hutsunea dago herrialde batetik bestera, halere. Bost ikasletik batek ez dauka euskara ikasgai modura ere.

Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen ekimenez, D ereduaren aldeko agerraldia bat. LANDER F. ARROIABE.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 20a
07:33
Entzun

Aski ez dela argi diote adituek, eskolak bakarrik ezin duela euskara biziberritu. Baina dudarik ez dago hezkuntzak berebiziko garrantzia duela bide horretan. Euskararen babesleku dira eskolak. Batzuk. Hiru ikasletik batentzat, izan ere, euskara ia ikusezina da ikastetxean: erdara hutsean ikasten dute %20k, eta euskara ikasgai bakar modura dute %14k. Euskal Herri osoko datuei erreparatuta, euskarazko murgiltze eredua ageri da buruan —%51 ikaslerekin—, baina errealitate gorria ezkutatzen du datu horrek.

Nafarroan eta Nafarroa Beherean, euskara ikasgai modura ere ez daukate bostetik hiruk; Lapurdin eta Zuberoan, lautik hiru dira. Zazpi herrialdeen argazkia egin du BERRIAk, eskoletako hizkuntz ereduak herririk herri azterturik. Aldakorra da egoera herri batetik bestera —denek ez daukate eskolarik, denetan ez dituzte eredu guztiak eskaintzen...—, baina leku batetik bestera nolako diferentzia dagoen argi agertzen du. Zein eskailera mailatan dagoen bakoitza. Zenbat egin duten bakoitzean, eta zenbat dagoen oraindik egiteko.

ESKOLETAKO ARNASGUNEA
Hutsunea herri handietan

Gero eta kontzeptu zabalduagoa da arnasguneena; indar handiena, benetako arnasa, zein lekutan daukan euskarak. Datua: hiru herritik batean euskarazko murgiltze eredua soilik daukate —439 herrietatik, 147tan—, gainerako ereduek gutxieneko eskaririk ez eta. Herri txikiak dira ia guztiak, nolanahi ere, eta pilaturik daude Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Ara-
bako eta Nafarroako iparraldean. Herri handiagoetan dago gorabehera gehiago; inguruko herri txikietan baino leku eskasagoa du murgiltze ereduak. Gipuzkoan, Donostia bera da adibide: herrialdean, ikasleen %80 ari dira D ereduan, eta hiriburuan, %60 eskas.

Herri handietako datuek erabat baldintzatzen dute egoera, ikasle gehienak biltzen baitituzte. Lapurdin, esaterako, Baionako eta Angeluko egoera zama da: %3 eskas dira murgiltze ereduko ikasle. Euskarak hezkuntzan arnasa estua duen lekuak ere ageri dira. Nabarmena da hori Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta Nafarroako hegoaldean.

Inguru horietan, ikastoletan soilik eskaintzen dute euskara ardatz gisa hartzen duen hezkuntza. Eredu elebidunak badaude, baina erdara hutsezkoak indar handia du: Ipar Euskal Herriko 38 herritan, adibidez, ikasle guzti-guztiak ari
dira frantses hutsezko eskoletan.

MAILAZ IGOTA, AHULDADEA
Euskaraz jarraitzeko traba

Haur hezkuntzan etengabe ari da euskara lekua irabazten. Umeak eskolan hasteko garaian, gero eta guraso gehiagok ematen diote garrantzia euskaraz ikasteari. Arazoak gero datoz: mailetan aurrera egin ahala, ikasleak galtzen ditu murgiltze ereduak. Arabako iazko datuak adibide: Haur Hezkuntzan, %57 ziren D eredukoak; gora joanda, baina, Batxilergoan %47ra jaisten da portzentajea, eta Lanbide Heziketan, %11ra. Eta ez da belaunaldi aldaketagatik bakarrik.

Nafarroa: Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, %13 dira D ereduan; belaunaldi hori bera Lehen Hezkuntzan ari zen orain hamar urte, eta %23 ziren murgiltze ereduan.

Ipar Euskal Herrian oso handia da galera, hasierako hezkuntzan ere egoera txarra dela kontuan izanda. Lehen mailako datuak: %63 frantses elebakarrean, %28 elebidunean, eta %9 euskarazko murgiltzean. Bigarren mailan: %89 frantses elebakarrean, %8 elebidunean, eta %3 murgiltzean. Hautu baldintzatu baten isla da: eskaintza txikia —lanbide heziketan
oso nabarmen—, euskaraz ikasteko trabak —geroko ikasketa guztiak ez daude euskaraz; baxoa ezin da euskaraz egin—... Ikasleen euskara maila apala ere traba dela agerrarazi dute ikerketa batzuek.

Horren guztiaren ondorioz, eskolan hastean euskararen alde eginiko hautua trabaturik geratzen da.

ERDARA HUTSEZKO EREDUAK
Euskararako joeratxoa

Bost ikasletik bat erdara huts-hutsean eskolatzen bada ere, nabari da eredu horietatik euskarazkoetarako joera bat. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, mila ikasle baino gehiago irabazi ditu murgiltze ereduak hamar urtean; %57ko hazkundea da. Oraindik ahul dago, nolanahi ere: ikasleen %6,5 ari dira murgiltzean. Sail elebidunek 500 ikasle gehiago dituzte, eta frantses elebakarrak, 450 gutxiago —ikasleen %4 galdurik—.

Beste era bateko mugimendua nabari da Nafarroan, konplexuagoa —ingeles programak sartzeak
erabat zaildu du alderaketak egitea—. Batetik, D ereduak goralditxoa izan du, A ereduaren jaitsieratxoarekin
batera —%25 aldean egonkortuta dago D eredua—; bestetik, nagusitasun gero eta argiagoa du G ereduak —ingelesez
ikasteko programei lotuta maiz—.

A ereduaren jaitsiera nabari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: ia erdia galdu du hamar urtean. Ikasleen %15ek baino gutxiagok aukeratzen dute —Araban du pisu handiena, eta nagusia da zenbait herritan—. Haur hezkuntzan oso bazterreko eredua da, eta ghetto traza ere hartzen diote aditu batzuek, etorkinak baitira gehienak.

Salbuespen itxurako datuak dituzte herri batzuetan. Zamudion eta Berangon (Bizkaia), adibidez, erdara hutsezko eredua dago buruan, euskara ikasgai gisa ere ez duten ikastetxeak baitaude —bat amerikarra eta bestea frantsesa—. Nafarroako Erriberan Fontellasek du ezberdintasuna: Argia ikastola han dago, eta nagusia da herrian —Tutera ondoan dago Fontellas—. Kasu bera da Larzabalekoa (Nafarroa Beherea) eta Alozekoa (Zuberoa). Ikastola bakanak han dira.

EUSKALDUNTZEKO TRESNA
Indarra leku erdaldunetan

Euskarak kalean indar gutxi duen herri batzuetan euskarazko murgiltze ereduak du ikasle gehien. Adibide argia da Arabako eta Bizkaiko herri batzuena: Turtzioz, Lapuebla de Labarca, Kanpezu... D eredua soilik dute herri horiek

Zalantzarik gabe, euskarazko ikastetxeak zabaltzeak, hezkuntzan egindako ahaleginak, zerikusia izan du euskararen ezagutza areagotzean. Araban, esate baterako, 1991n baino hiru aldiz elebidun gehiago daude; gazteak dira gehien-gehienak. Aintzat hartzekoa da ikastolen eragina ere, batez ere Iparraldean eta Nafarroako eremu ez-euskaldunean, portzentajean ikasle kopuru handia ez daukaten arren euskararen arnasa indartzen baitute. Itoguneak ere bai baitira leku horietan.

Nafarroako eremu ezeuskaldunean %4 eskas ari dira D ereduan —ikastolek soilik eskaintzen dute—. Are eta gordinagoa da Ipar Euskal Herriko egoera. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Lapurdin %24 dira elebidunak;
eskolan, berriz, %6 eskas ari dira euskara hutsez. Are, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: herritarren %52k badakite euskaraz, baina eskolan %10 ere ez dira ari murgiltze ereduarekin. Seaskako ikastolena da eskaintza hori. Isuri baten gisan ari da elebidunen kopurua jaisten Ipar Euskal Herrian, nahiz eta gazteen artean pixkana hasi den goranzko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.